In FB we trust

Horrela deitzen da Facebooken bertan Youssef batek frantsesez sortu duen taldea. Sortzailearen aldarrikapenari ironia dario, eta taldeak dozena bat kide baino ez du bildu. Hortik ondorioztatu ahalko genuke jende asko ez dela FBrekin fidatzen. Hala ere, sare horretan zenbat lagun dabilen besterik ez da ikusi behar, kontrakoa jakiteko, hau da, jendetza direla Facebooken nolabaiteko konfidantza dutenak.

Euskal Herrian azkenotan hainbat eztabaida piztu dira Facebooken inguruan, eta hori, eztabaidarik izatea, interesgarria da, orain arte nahiko modu arinean aritu baita gutako anitz Facebooken, batez ere, gazteagoen artean. Sarean, Facebooken edo beste edozein gunetan, den-dena esaten eta den-dena erakusten ibiltzearen arriskuaz jabetzeko ordua iritsi zaigu. Bazen garaia.

Ni ere moderno samarra naiz, eta badut kontua Facebooken, baina hasieratik bertatik ez naiz oso eroso sentitu bertan. Ez dut erabat aukera baztertzen: nire deserosotasun mailak koska bat gora eginez gero, bertan behera utziko dut harpidetza. Momentuz, urrun bizi diren hainbat seniderekin gutxieneko loturari eustea estakuru, hor segitzen dut, baina bertara sartzen naizen bakoitzean, hainbeste eskaera eta hainbeste informazio eta irudi –maiz hutsalak– topatzeak sortzen dizkidan larridura eta nahasmenduarekin batera, hainbat galdera datozkit burura.

Jakin-min handiena sare horien arrakastaren zergatiak pizten dit. Zer dela-eta horrenbeste jende halako sareei atxiki, eta zer dela-eta hain atxikimendu handia?

Erantzun koherenterik ez dut topatu, baina funtsean, gizon-emakumeon sakoneko izaera egongo da seguruenik: Facebook eta enparauek jendartean bizitzeko eginak garela frogatzen dute. Hori, ordea, ez zait arrazoi nahikoa iruditzen sare sozial horiek hain menta handia izateko.

Ikusminak, aldiz, edo kuxkuxean ibiltzeko joerak, nondik begiratzen diogun, zerikusi handia izan dezake arrakastan. Internetek, berez, pagotxa handia dirudi, lehen begiratuan, edonoren jakin-nahia asetzeko, eta Internetek tresna bikaina eskaintzen du, besteen bizitzen berri jakiteko. Facebook hori da, besteak beste: leiho zabal bat, halakoa non besteak zertan ari diren zelatatzen ahal baitugu, garai batean herri txikietan hainbatek etxeko leihoetatik egiten zuten modura. Orduan, etxeko leihoetatik kanpoko bizitza barrandatzen zutenek errezelen gibelean gorderik egiten zuten. Eta beti ez, baina gehienetan, haien burua salatzen amaitzen zuten. Errezelen mugimendu leun bat nahikoa zen. Kuxkuxero haiek nola, Facebooken ere ezin da espiatu ikusia izan gabe. Baina, jakina, batzuk trebeagoak izaten dira besteak baino, disimuluan aritzeko orduan, eta errezel guztiek ere ez dute berdin estaltzen.

Facebook, bestalde, gizon-emakumeon bestelako joeren salatari ere izan daiteke. Esate baterako, uste baino askoz jende gehiagok du gogoko besteen aurrean bere burua nabarmentzea, eta hori ederki profitatzen dakite hala telebistek nola sare sozialek.

Facebooken arrakastaren arrazoiak horiek izan edo ez, seguru da haren asmatzaileek aski ongi neurtu dutela dena, eta neurtu dituzten gauzen artean gizon-emakumeon ahulezia horiek hartu dituztela kontuan. Facebooken atzean nor dagoen ez da seguru, baina segurutzat jo dezakegu tresna ez dela asmatu, soilik, herritar arrunten gogoak betetzeko. Horregatik, Anaia Handia izanik edo izan gabe, hobe dugu leihoa zabal-zabal ez edukitzea. Eta errezelek ere badute xarma.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude