Martxoaren 3an 34 urte beteko dira Gasteizko langileen sarraskia izan zenetik. Triskantza Francoren esanetara zegoen Manuel Fragak zuzendutako polizia frankistak antolatu zuen. Sarraskiak ondorio hauek utzi zituen: bost langile hilda, zauri larriak askori, milaka langile izututa, eta greba orokorrean hainbat bozeramale atxilotu zituzten. Greba 1976an egin zen, langileen lan eta gizarte baldintzak hobetzeko. Langile batzarrek egunero heldu zioten grebari, batik bat Zaramagako elizan. Batzar horietako batean, aurrez prestatuta, poliziak eliza gaseztatu zuen, eraso eta tiro egin zuen. Izua zabaldu zen eta bost grebalari hil zituzten.
34 urte geroago, arduradunek, besteak beste orduko ministro Manuel Fragak (orain PPko presidentea) eta Martin Villak ez dute erantzukizun penalik eta politikorik. Egunez egun ETAko biktimei omenaldiak egiten zaizkie, baita Gasteizen ere. Ia alderdi politiko guztiek hartzen dute parte horietan, eta bereziki PPk eta PSOEk. Alabaina, biolentziaren ondorioak manipulatzen dituzte, ahaztuz eta bazterrean utziz frankismoaren, estatu terrorismoaren, A hirukoitzaren eta GALen biktimak. Gauza bera gertatu da Gasteizen 1976an estatu terrorismoak, bala hiltzaile frankisten bidez, masakratutakoekin. Ahazteaz eta baztertzeaz gain, ez dira estatu terrorismoaren biktimatzat hartu. PSOE-PPko politikariok eta Maixabel Lasa: Gasteizen, Euskal Herrian bezala, biktima bakarrak ez dira ETArenak, alegia Buesa eta besteak. Estatu terrorismoaren biktimak ere badaude. 1976ko Gasteizko langileak, esate baterako. Eta beste hainbat abertzale.