argia.eus
INPRIMATU
Ekintza bateratuak behar dira
Daniel Udalaitz 2010ko martxoaren 07a
“Metalak lantzeko makina-erreminta ekoizleek produktuaren eta merkatuaren baldintza aldakorretara etengabe egokitzeko lan funtsezkoa egiteko daukate oraindik, eta sektoreko enpresen tamaina txikiak ez du horretan laguntzen…”. Horixe dio Carmelo Urdangarin, makina-erreminta ederki ezagutzen duen analista ekonomikoak Empresa XXI aldizkarian berriki argitaratutako artikuluan. Enpresen tamaina txikiaz ari denean, gehienak familia enpresak baitira, “30 langileko enpresa txiki edo ertain batek fabrikazio programa eta ekoizpen teknika eguneratuak izateko aukera oso zaila” dela dio. Hala, ezin dute lehiatu herrialde ekoizle nagusietako enpresa handiagoekin, bi alor jakinetan behintzat: produktua eta merkatua. Enpresa txiki batek, bere kabuz, ezin du merkaturatzea kudeatu egungo merkatu globalean, bereziki Asian eta beste herrialde batzuetan.

Egoerara moldatzeko, Urdangarinek hainbat enpresen arteko ekintza bateratua proposatzen du, horretarako nolabaiteko ezintasuna antzematen duen arren. Horrenbestez, analista ekonomikoak hala dio: “Nolabaiteko ezgaitasuna izan arren, ekintza bateratuak behar dira, luzaroan iraungo dutenak, enpresa bakoitzak bere izaera juridikoari eutsita, baina zenbait konpetentzia zehatz partekatuta”.