«Heavy metalaren historia iluntasunarekin lotuta dago, eta gu ere horrek erakartzen gaitu»
Erraza da metalaren “arima pizturik” edukitzea? Zerk elikatzen du horren sua?
Guretzat bai. Betidanik metala edo heavy metala gurean dagoen zerbait izan da. Taldea izan aurretik ere metala zen elkartzeko puntua. Musika estilo horren indarrak, melodiak eta garrak erakartzen gaitu. Ikusle bezala ere asko disfrutatzen dugu. Gure bizitzako alde garrantzitsua izan da beti, eta oraindik suak pizturik dirau.
Zer ekarri dio Xabier bateria jotzaileak taldeari? Erraza izan da bat egitea?
Xabier aspalditik ezagutzen dugu, lokalean gurekin ibili zen. Guk garbi geneukan Enekok utzi zuenean Xabier sartu behar zela. Ez genuen ez galdetu ezta bilatu ere, etortzeko esan genion. Bagenekien nahi izango zuela, eta guk bera nahi genuen. Garrantzitsua da guretzat laguna izatea.
“Musika… zure aurrean makurtzen naiz”. Konposizio batzuetan bezala, hemen ere keinu bat egin diozue Su Ta Gar taldeari?
Guretzat mitikoak dira. Txikitatik jarraitu ditugu, eta horrelako keinuak gustuko ditugu. Bi diskoetan egin ditugu antzeko keinuak; bai hitzetan, abestien ordena egiterakoan… Agian nahiko frikia da, baina guri asko esaten digu. Musikan, berriz, disko honetan ez dugu uste halako antzekotasunik dugunik. Hala ere, guretzat luxuzko konparaketa litzateke.
“Edan nahiaren gatibu/ ardoa odol da bihurtu/ bizi berotasun izoztua”. Halako poemak Zirkulazio Zuzendaritzarentzat idatzi dituzue?
Kanta horretan damuari buruz hitz egiten dugu, eta istorio horrek oso ondo adierazten duela uste dugu; une bateko ekintza batek bizitza osorako izan dezakeen zama. Hitzak egiten lehengo bateria jotzaile Enekok lagundu digu, eta gero Rubenek eta haren lagunek borobildu dituzte.
Iluntasunak eta horren itzalak seduzitzen zaituztete?
Bai. Heavy metalaren historia iluntasunarekin lotuta dago, eta gu ere erakartzen gaitu bai hitzetan, bai diseinuan.