argia.eus
INPRIMATU
Josune Ariztondo
"Administrazioak ezingo du sekula maitasunik eman"
Sustrai Colina 2010ko otsailaren 23a
Iñigo Azkona
Kimika ikasi zuela esan izan balidate ez nuen sinetsiko.

Barkatuko didazu ironia, zer moduz Ondarroako Udaletxean?


Kalean bizi den herria da Ondarroa. Etxeko kezka, poz, pena, eta minak plazara ekartzen dituena. Egoera baretzen doan arren, Euskal Herriaren ispilutxoetako bat gara oraindik.

Patxi Lopezen Euskadi ez al zegoen guztiz normalizatua?


Baina nola baloratuko dugu normalizazioa gobernuak egitasmorik ez badauka? Euskal Herriko andereño apalenari ere urteko egitasmoa eskatzen dio gobernuak, baina berak ez dauka. Lotsagarria.


Egitasmorik gabeko gobernu baten aurrekontuak babestu dituzuela esaten ari zara?


Noiztik dira gauza bera babestea eta ez oztopatzea? Alderdi sozialista espainiarrari egonkortasunerako proposamena egin diogu, handik etorriko direlako herri honentzat onuragarriak diren blindaje ekonomikoa edo transferentzien gardentasuna. Hemengoekin ez gara fidatzen.

Min eman dizue lehendakaritza galtzeak, e...


Heldutasun handiz daramagu, baina zer nahi duzu, gobernatzen baino ohituago daude oposizio merkea egiten. 

Heldutasuna da krisi garaian kulturari aurrekontuak murriztea?


Etxean diruz larri gabiltzanean, ez al diogu lehenago uzten liburuak erosteari edo zinemara joateari beste gauza batzuk egiteari baino? Erakunde publikoetan berdin.

Erakunde publiko gaixoak, gehiegi eskatzen zaizue...


Herrietan harreman pertsonalari lotutako auzo-lana galtzeak askoz exijenteago eta eskaleago bilakatu gaitu. Exijitzea ondo dago, baina ezin da ahaztu administrazioak ezingo duela sekula maitasunik eman.


Lasai, Urdaibaiko Guggenheim-ek emango digu maitasuna!


Bizkaian Urdaibai da ondare kultural handiena daukan eskualdea, baina nola egongo da eskaparatean elementu erakartzailerik ez badauka? Zergatik ahanzten zaie batzuei biosfera zaindu ez ezik potentziatu daitekeela?


Honezkero Bilboko Guggenheim-a mendeko asmatze eztabaidaezintzat daukazue, ezta?


Diru hori, adibidez, erresidentziak egiteko inbertitu zitekeela leporatzen digutenek, badakite egungo erresidentziak tartean Guggenheimek emandako diruarekin eraikitzen direla?


Transbertsalitatearen aitzindariak, zuek!


Konbentzituta nago kultura dela gizarte kohesio eta herrigintzarako oinarri eta lotura. Kulturak sentimenduak ukitzen ditu eta sentimenduek mugitzen dute gainontzekoa.

Sentimenduez mintzo den politikariak erretiroa omen du buruan...


Gure izena esan eta lehen matrailekoa eman zigutenetik politika bizi duen belaunaldi batekoa naiz, eta onerako eta txarrerako, hil arte eroango dugu sen politiko hori.