argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2010ko otsailaren 23a

Maite Ruiz de Austri animazio zuzendaria omenduko dute hilaren 28a arte luzatuko den Gasteizko Zinemastea topaketetan. Ikus-entzunezkoen munduko profesional arabar bati eman ohi zaion Gutako bat saria jasoko du idazle, gidoilari, ekoizle eta errealizadoreak. Bost film luze eta telebistarako bi serie zuzendu ditu, besteak beste.

 

Henry David Thoreau (1817-1862) AEBetako idazlearen Resistance to Civil Government, or Civil Disobedience liburua euskaratu du Edu Lartzanguren kazetariak. Ostiela! aldizkarian plazaratu zuen aurrenekoz, eta orain Potxo argitaletxeak kaleratu du. Paperean argitaratzeaz gain, Internetetik deskarga daiteke. Gainera, entzuteko moduan ere sareratu dute. Hori guztia, Thoreauri eta bere obrari buruzko informazioa biltzen duen Desobedientzia Zibila blogean (http://sites.google.com/site/desobedientziazibila)

 
 

Pedro Esarte historialariak Juan Rena, clave en la conquista de Navarra (Pamiela) liburua plazaratu du. Jaiotzez veneziarra zen eta Iruñeko gotzain izatera heldu zen Juan Renaren figura aztertu du Esartek. Nafarroa okupatu zuten ejertzitoen mugimendu ekonomiko ororen sustatzailea izan zen Rena: Fonsecaren mailegu-emailea izan zen, hura Nafarroara sartu zenean (1512an); eta Pizarro kapitainaren patroia (1516an); baita 1521ean Nafarroatik ihes egin zuen –eta beranduago berriro itzuli zen– Gaztelako ejertzitoaren estratega militarra ere...