Hondakinik onena sortu ez dena: Zero Zabor

  • Zero Waste kontzeptua indartzen ari da urteotan hirietako hondakinekin administrazioek darabilten kudeaketaz kritiko diren mugimenduen artean. Errausketaren kritikatik harago, hondakinak ahal bezainbeste urritzeko produkzio-salmenta-kontsumo osoa berrantolatzen saiatzen dira.
Hernanin Zero Zabor talde txiki bat da, Euskal Herrian hondakinez eta klase guztietako kutsadurez kezkatzen diren elkarte ugarien artean bat gehiago. Aldiz, Zero Waste (Zero Zabor edo Zero Hondakin ingelesez) kontzeptua oinarri nagusitzat hartu dutenak ugaritu egin dira mundu osoan urteotan.

Joan den azaroan egin zuen 6. biltzarra Filipinetan, Puerto Princesa hirian, Zero Waste International Alliance-k. Hartan parte hartu zuten hizlarien eta elkarteen jatorriei erreparatu besterik ez dago ohartzeko elkargune horrek goiburutzat hartu duen Working toward a World withouth waste (Zaborrik gabeko mundu baten alde lanean) bazter guztietatik kutsatu dela.

Europatik Filipinetara hurbildu zirenen artean italiarrak nabarmendu ziren. Errauste planten kontrako borrokatik abiatu eta Atez Ateko (A-A) bilketa sisteman aitzindariak izan diren italiarrek lan handia egin dute alor honetan. Ez dago Googleri Rifiuti Zero galdetu besterik horretaz ohartzeko. Euskal Herrian Zero Wasteren lehen berriak Txingudiko errauste plantaren kontrako ekintzen inguruan zabaldu ziren duela pare bat urte, eta orain A-A Gipuzkoako Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen antolatzearekin ari da berriro aipatzen.

Zero Wasteren historia eginez gero azken 40 urteotan hiri hondakinen inguruan herrialderik garatuenetan landutako alternatiben haria jarrai daiteke. Ingelesezko Wikipediaren arabera, kontzeptua lehenbizikoz Paul Palmer kimikari kaliforniarrak erabili zuen: 1970eko hamarkadan Zero Waste Systems enpresa antolatu zuen orduan sortu berria zen elektronikaren industriako hondakinak birziklatzeko.

Ideia negozioetan sortu zela ez da ahaztu behar. Gaur egun oraindik Zero Waste aldarrikatzen dute ekologismotik edo kutsaduraren kritika erradikaletik urrun dauden konpainia handi batzuek. Lurreko zabortegiak ziren orduko buru argien kezka iturria. Beranduago, bigarren aro batean, ahalik eta hondakin gehien birziklatzea aipatzen zen.

2000. urte inguruan indarra hartzen hasi ziren Zero Zabor ideia modu zorrotzagoan aztertzen zutenak. Edozein produktu ekoiztu, garraiatu, saldu eta kontsumitzerakoan sortzen diren hondakin guztiak hartu nahi zituzten kontutan, bakar batzuk birziklatze soiletik askoz harago.

...Getting to Zero Waste (Zero Zaborreruntz) liburuan Paul Palmerrek dio teoria horren inguruan biltzen direla ingurumenaren arazo guztiak, klimaren aldaketa bezala uraren eta airearen pozoitze kimikoa, itsasoko arrainen urritzea eta abar. “Jende gehienak okerreko galderari erantzuten dio hondakinen kontuan. Galdetzen du ‘zer egin behar dut hondakina usatu ahal izateko?’. Baina galdera ona da: ‘Zer aldatu behar dut zaborrik ez sortzeko?”.

Zakarretarako ezer ez

Azken urteotan Zero Zabor ideiaren inguruko jende erreferentzialak Paul Connett eta Annie Leonard dira.

Leonarden Story of Stuff (Gauzen istorioa) filma klasiko bat da gaur egun. Ingelesez sortua baina beste hizkuntza askotara itzulia (gaztelaniaz badira bi bertsio Interneten, onena doinu ertamerikarra duena) herrialde aberatsetan bizi dugun kontsumismoak azpian dauzkan egiak azaleratzen ditu, egunero darabiltzagun gauzen sorrera eta ibilbidean argi eginez.

Paul Connet kimika irakaslea da New Yorkeko Saint Lawrence unibertsitatean, baina gaur aurkituko duzu Filipinetako biltzarrean hitzaldi nagusia ematen edo hurrengoan Italian, Rifiuti Zeroren edozein kanpainatan parte hartzen. Bere burua unibertsitariotzat adina mugimendu sozialen laguntzailetzat dauka.

Connettek badu paper bat non bere ideia laburbiltzen duen: Zero Waste: a Key Move towards a Sustainable Society (Zero Zabor: urrats funtsezkoa gizarte iraunkorrerantz). “Zero Zaborrek –dio Connettek– ezetz esaten die errauskailuei, zabortegi erraldoiei, gizarte xahutzaileari... eta baietz gizarte jasangarriari. Idealista dirudi, baina egia bihurtu dezakegu. Ez dugu espero behar zero zaborretara iristea datorren urtean, baina aurreratu dezakegu herri batzuk 2020rako horretatik oso hurbil egongo direla”.

Ingelesez hiru R aipatu izan dira hondakinen aferetan: Reduce, Reuse eta Recicle. Connettek laugarrena erasten die: Responsability. Herritar, udal, industrial, profesional, politikari... denek hartu behar dituzte dagozkien erantzukizunak.

Zero Waste aldarrikapena gehienetan herritarretatik hasi ohi da, sarritan administrazioek eta industria handiak hitzartu dituzten errauste plantei aurre egiteko alternatiba bila hondakinen bilketa selektiboa aldarrikatzen dutenean. Hala ere, Zero Zaborrek eskatzen du industrialak eta saltzaileak inplikatzea gero eta gehiago. Edozein produktuk diseinatu den unetik egon behar du prestatua iraunkortasunerako, produkzio prozesuak garbia izan behar du, garraioak sortzen dituen hondakinak ez dira ahaztu behar, eta produktutik kontsumitu ondoren geratzen denak berrerabiltzeko pentsaturik egon behar du.

Katearen beste muturra, produktuak kontsumitu ondorengoa, komunitateei dagokie egoki kudeatzea. Etxeetan bezala industrian eta komertzioan sortu diren hondar organikoak konpostatzea da arau nagusietako bat, baina ez bakarra. Birziklagarria den oro bereizi behar da azken errefusetik. “Errefusak dira gure akatsak” dio Connettek: errefusen tamainak erakusten du komunitate bat zein urrun edo hurbil dagoen Zero Zaborretik.

Hondakinen murrizten ahalegindu behar dute herriek eta administrazioek. Interneten begira hasiz gero munduan zein taktika erabiltzen diren, dena dago asmatuta, bai herritarren kontsumo ohiturak aldatzeko eta bai saltzaileak behartzeko hondakin gutxiago merkaturatzera. Ezer asmatzen hasi aurretik kopiatzeko adina eredu bada.

Zero Zaborren logikak eskatzen duen beste urratsa da kontsumoko objektuen konponketa eta zaharberritzea sustatzea. Azken finean, gauzen biziraupena luzatzea. Nahiz eta bitxi egiten den hau, normaltasun bakartzat ezarrita dagoenean dena merke erosi, berehala xahutu eta fite zakarretara botatzea.

Paul Connettek aipamen berezia egiten dio eraikuntzari: zaharra osorik eraisteko lan modua aldatu beharra dagoela. Eraikuntzak sekulako hondakin pila sortzen du, gaur ezin erabilizkoa. Destructionen ordez deconstruction behar dela, zaharra desmuntatu eraikuntzako erritmo berean, ahalik eta osagairik gehien berrerabili ahal izateko.

XXI. mendeko ideia nagusietakoa izanen da planeta mugatuko baliabideak ondo probestu beharra.

Argazki oina: Eco-Waste Coalition-ek Interneten lagatako argazki hau joan den azaroan egina dago, Filipinetako Puerto Princesa hirian. Han burutu zuen 6. biltzarra  Zero Zabor kontzeptuaren inguruan mundu osoan mobilizatutako taldeek osatzen duten Zero Waste International Alliance-k. Antolatzaileetan zegoen GAIA ere, etxeetako hondakinak erraustearen kontrako mugimendua, 2007ko irailean Gipuzkoako Hondarribian biltzarra egin zuena. Argazkirako mozorrotu diren militante filipinarren gibelean idatzirik ageri dira Zero Waste programaren osagai nagusiak: (ingelesezko ordena errespetatu gabe) hondakinak murriztu, bereizi, berrerabili, konpondu edo zaharberritu, konpostatu... Zero Waste Pilipinas gunean eskuragai daude han aurkeztutakoak.

Informazio gehiago:

.- Hernanin Zero Zabor taldea
.- Eco Cycle erakundea
.- Zero Waste International Alliance
.- Paul Palmer-en Zero Waste Institute
.- Ambiente Futuro, Italian Rifiuti Zero bultzatzen duen elkarteetako bat
.- Paul Connett-en agiria Zero Zabor kontzeptua (PDF)
.- Zero Waste mugimenduaren 6. mundu biltzarra Filipinetan

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude