Gertatua, aste honetan ekarri digu gogora Lasarte-Oriako Udalak babestutako alde bakarreko biktimei egin omenaldian. Eta urte hartako uztailaren hogeita zazpian Donostiako Amarako tren geltokian eztanda egindako lehergailu batek hildako Begoña Urroz haurraren amak jaso du bertaratutakoen beroa. El Paisek argitaratutako kronikak hartan zauritutako gaztearen izena dakar, Valeriano Bakaikoa Azurmendi gure lagun minarena eta etxe honetako beteranoarena hain zuzen. Ez dut hura gogoratzen eta ez diot inoiz Balereni deus entzun. ETAri egotzi diote hura inongo ezbairik gabe. Ezinbestekoa da “Nola eraiki gezur bat” irakurtzea
Izaronews gunean. Bertan Iñaki Egañak argiki eta xehetasunez beteriko idazkian adierazten du gertakizun hartako gorabeherak dokumentatuak dauzkana. Ezin sinetsi tamainako manipulazioa, jakin gabe eraiki ezin litekeena. Gure historia hurbilenaz horrelakoak egiteko gauza denak, zer ez digu egingo bereaz? Jada kanpoan daukaten Roldanen aholkularitzaren emaitza dirudi, gezurra gezurraren gainean eraikiak bidea egin dezan asmatua. Merezi luke Izaronews Telecincora eramatea, audientzia belarri gorra sendatu dadin eta Lasarte-Oriako Udalekoak auskalotzen ikusteko.