argia.eus
INPRIMATU
Gure komunikabideen inguruan
Xabier Etxaniz Erle 2010ko otsailaren 17a
Lopez lehendakari izendatu zutenetik aldaketa handiak izan dira EITBn. Badirudi normala dela agintean alderdi berri bat dagoenean komunikabide publikoetan eskua sartzea eta bere ustez gaizki eginak zuzentzea eta konfiantzazko arduradunak izendatzea.
Aurreko guztia normala omen da gure kulturan, agintean dagoen alderdiaren edo ideologiaren kontrolpera pasatzen direlako komunikabide horiek. Ez omen dugu erakunde publiko eta aldi berean alderdikerietik at eratzeko gaitasunik, ez tradiziorik –ezta asmorik alderdien partetik–. Hezkuntzarekin gertatzen den bezala, komunikabideen arloan ere ez dago proiektu luze eta zabalak eraikitzeko oinarrizko akordiorik.

Eta testuinguru honetan aurkitzen gara orain EITBko garai berri honetan. Ikus-entzuleen aldetik batez ere kritikak entzun dira –ziur aski gustura daudenak isilik daudelako– eta egon dira boikota ere eskatu dutenak. Egia da tertulietan eta, iritzien aniztasuna jaitsi dela; egia da albistegietan euskal komunitatea gero eta ikusezinagoa dela, eta aitortu behar da orain dela gutxira arte EITBko ikuslegoa izan den hori gero eta deserosoago aurki daitekeela. Bestalde ikus-entzuleen jaitsiera nahiko handia izan dute; alde batetik konpetentzia gero eta handiagoa delako eta bestetik ikusle eta entzuleak ez direlako identifikatuta sentitzen komunikabide hauen ildo berriarekin. Kontua, Jon Alemanek Berrian oso argi adierazi bezala, zera da, euskarazko komunikabide horiek direla gureak –edo gureago direla Telecinco edo antzekoak baino–.

Nik, egia esan, asunto honen guztiaren ondoren bi galdera edo bi kezka ditut. Alde batetik honek guztiak argi eta garbi uzten du zein ahula den abertzaleen komunikabideen indarra. Prentsa idatzian euskarazko komunikabideek kostata egiten dute aurrera eta erdarazkoen artean nagusitasun osoa du prentsa espainolistak. Bitxia da Vocento taldearen indarra gure gizartean, abertzaleek erosten eta irakurtzen duten seinale; edo Espainiako irrati-telebisten nagusitasuna. Alegia, nire ezagun batek Vocentoko egunkari baten izenburua irakurtzen zuen bezala: “El Correo Español-El Pueblo Vasco” (horixe izan baita duela gutxira arte egunkari horren izena!).

Eta bigarren kezka. Zein izango da kaltetuena EITB pikutara joanez gero? Nori egin diezaioke mesede euskal irrati-telebisten audientzia jaitsierak? Posible al da komunikabide bateko zuzendaritzak honen porrota desiratzea?