"Nortasunari eusteko euskal-amerikarren ahaleginak ez ditugu aintzat hartzen"

  • Itzultzaile zaildua da. Itzuliak ditu euskarara Robert Louis Stevenson, Patricia Highsmith, Prosper Mérimée, John Steinbeck, William Faulkner… eta gaztelaniara, berriz, Bernardo Atxaga. Irakasle ere bada, literatura eta itzulpena irakatsi izan du eta gustuko du literatur testu ederrez baliatzea. Koxka bat estuago jardun du oraingoan, eta Mendebalde Urrunera abiatu zen euskaldunaren lekukotasun bikainenak euskaraz ekarri ditu Far Westeko Euskal Herria liburura. Urruneko euskalduna etxera hurreratu digu.
Asun Garikano
Asun Garikano: Far Westeko Euskal Herria liburuaren idazlea.Alex Larretxi

Itzultzailetzat zintuguna, urre biltzaile jardun duzu Kalifornian eta Mendebalde Urruneko lau bazterretan...


Halaxe izan da, bai. Liburuan agertzen diren pertsonaien artean neure burua inorekin identifikatzekotan, Pete Agereberryrekin identifikatuko nuke. Hark urrea aurkitu zuen Heriotza Ibarreko bazter urrun batean, meategi atarian etxola jaso eta berrogei urte bizi izan zen bertan. Diru premian zenean, meategira sartu eta urrea ateratzen zuen. Reno-Nevadako Unibertsitatean ibili nintzenean Pete hura bezala ibili nintzen. Euskal Ikasketen Zentroko artxiboak nituen nik meategi, ondoan nuen bulegoa, eta ezer behar nuenean artxiboetara jotzen nuen. Urre pipita, mineral puska edo topatzen nuena hartu eta aztertzen nuen, benetakoa zen edo ez, balio literariorik zuen edo ez. Testu on baten aurrean sentitzen nuen poza Pete Agereberryk sentitzen zuenaren parekoa izango zela uste dut.

Ohiko itzultzaile bidea utzi eta ikerketari lotu zara.


Ez da erabat horrela. Ni, itzultzaile ez ezik, irakaslea naiz. Literatura erakutsi izan dut, eta itzulpena ere bai. Eskolak emateko garaian, beti saiatu izan naiz ikasleei testu onak eskaintzen. Kasu honetan, Nevadara nindoala-eta, euskal emigrazioaren inguruko lana egitea neraman barruan eta, gaia aurkezteko, testu onak bildu behar nituela pentsatu nuen. Nire ohiko bidetik ez oso aparte, beraz. Lanean hasita, aurkikuntza batek garrantzi handia izan zuen. Nevadako Florence Etcheberryren etxean ginen, eta haren liburutegian Joan Errea izeneko andre baten kontakizun autobiografikoa aurkitu nuen. Hura irakurri eta iruditu zitzaidan egia handiagoa zegoela kontakizun hartan emigrazioari buruzko liburu askotan baino. Eta erabakita geratu zen nire lanaren nondik norakoa: lehen eskuko testigantza biografikoak bilatzen saiatuko nintzen. Horrelakoz osatuta dago, neurri handi batean, liburua. Lekuko zuzenak dira protagonista. Nire lana narrazioak aurkeztea izan da, haiek beren testuinguruan kokatzea, historiak bata besteari lotzea, liburua ez zedin bilduma hutsa izan.


Urre biltzailearen lana beti da abentura, ezin jakin metal preziatua noiz eta nola agertuko den, ezta agertuko den ere. Etsipengarria, zenbaitetan…


Nevadan nengoela egin nuen bilketa lana. Idatzi, berriz, hona itzulita idatzi dut liburua. Han bildu, irakurri, aukeratu nituen testuok… Lanaren fase hori oso polita izan zen, emozio handikoa; mundu hori deskubritzea, alegia. Izan ere, nik zer nekien, bada, hartaz, Mendebalde Urruneko euskaldunez, hemengo jendeak dakizkienak eta behin eta berriz errepikatzen diren estereotipo horiek izan ezik? Artzain joan zirela, bakardadean bizi izan zirela… Bat-batean, hori ez ezik bestelako mundu bat, osoa, hasi nintzen deskubritzen: artzainak baino lehen urre biltzaileak eta diligentzia gidariak izan zirela han; gogoz joandako jendea, eta gogoz kontra joandakoak; emakumeak… Mundu askoz zabalagoa, beraz. Mundu hori nire aurrean azaltzea oso ederra izan zen. Zailtasuna gero etorri zen, hona heldutakoan, handik ekarritako testu eta argazki pila antolatzeko garaia heldu zenean. Buelta asko eman eta gero, narrazio bat osatu nuen, 1848-49an hasten dena, lehenengo euskaldunak Kaliforniara iristen direnean, eta ehun urte geroago amaitzen dena.

Testu ederrok antolatzea izan duzu lan handia.


Ez nuen testu pilaketa soila nahi, eta horregatik saiatu naiz egitura lantzen, irakurleak atal bat amaitu eta hurrengoa irakurtzeko jakin-mina eta gogoa izan ditzan. Egituratze lana, azken finean, muntatze lana izan da. Banuen beste kezka bat ere: zein irudi eskaini behar nuen. Liburuak AEBetako euskal emigrazioaren irudi egiazkoa eman zezan nahi nuen, benetakoa. Horrek atal bakoitzari zegokion garrantzia ematea esan nahi zuen, crazy Basque [euskaldun eroak] eta artzainei leporatu ohi zitzaizkien estereotipoak bazter utzita. Gisako istorioak aurkitzea oso da erraza, baina artzain gehienak ez ziren erotzen! Jean Biscariren istorioa, esaterako, adibide sartu dut, baina ez zen zuzena izango gai horri pisu handiagoa ematea. Edota Surprise Valley-n hil zituzten hiru euskaldunen historia azpimarratzea. Horri buruz ere informazio mordoa dago, erraza zitzaidan berrogei orrialde betetzea. Oso gai gustagarria, sentsazionalista da, baina kasu isolatua izan zen. Ez da zilegi horretaz askorik jardutea. William Douglassek eta Jon Bilbaok ere, Amerikanuak liburuan, bi esalditan laburtu zuten gertakaria. Gai bakoitzari zer pisu eman erabaki behar izan dut, ondorengo irudi globala, mosaikoa, errealitateari zegokiona izan zedin.


Izotz mendi osoa ekarri duzu liburura, edo icebergaren alderdi ageria besterik ez?


Mendi osoa eskaintzen saiatu naiz, baina horrek ez du esan nahi liburuan dena sartu dudanik, hautaketa lana egin dut-eta. Benetako testuak eskaintzen ahalegindu naiz, eta, horrekin batera, balio literario handienekoak, narraziorik biribilenak, bertsorik ederrenak… Liburuaren egitura erabaki ondoren, testigantzarik onenekin osatu nahi izan dut atal bakoitza.


Robert Laxaltek 1966an National Geographic-en Basque Sheepherders artikuluan, bere guraso eta arbasoak gogoan, idatzi zuen: “Gure historian jokatu duten papera jaso gabe geratu da ia”. Zer esango zenioke gure Laxalt idazleari?


Lehenengo, eskerrak emango nizkioke berak horrenbeste jasotzeagatik. Hango historia liburuetan askotan aipatzen dira euskaldunak, baina, dudarik gabe, meriturik handiena, lanik handiena Robert Laxalti zor diogu. William Douglassek esaten duen moduan, Laxaltek soslaia eman zion euskaldunari, identifikagarri egin zuen gainerako talde etnikoen artean, historia bat eman zion, marko osoa. Laxalten Sweet Promised Land-ek [Dominique, artzain xiberotar bat Nevadan euskarazko itzulpenean] garrantzi handia izan zuen euskaldunek beren burua ezagutzera emateko Estatu Batuetako gizartean. Eta hango euskaldun askok beren historia ikusi zuten Dominique Laxalten historian... Baina zure galderak badu bere atzea ere: hango historia jaso ote den, hori da galderaren alde bat, eta bestea, berriz, ea hangoa hemen jasoa geratu den. Uste dut alde horretatik han ahalegin handiagoa egin dela hemen baino. Hemen jende gehienak bizpahiru estereotipo ditu bere buruan: euskalduna artzain joan zela, diru egitera joan zela eta errepublikarra izan dela han. Hori, iraganari begira. Gaur egungoei, berriz, harrokeriaz begiratzen diegula iruditzen zait, beren identitateari eusteko egiten dituzten ahaleginak behar bezala aintzat hartu gabe, ahalegin horiek adierazpen folklorikotzat hartuz. Hango askori entzun diot, bestalde, hona etorri eta bigarren mailako euskalduntzat hartzen ote ditugun… Hori aldatzen hasteko garaia da, hango euskaldunei buruzko irudi zehatzagoa egiten hastea komeni da. Sweet Promised Land hemengo eskoletan irakurriko balitz, hain liburu ederra… Hura irakurtzea nahikoa da hango euskaldunari buruzko ikuspegi murritza aldatzeko.

Liburuaren amaieran, hango eta hemengo munduen artean zubiak eraiki beharraz ari zara.


Uste dut liburu honetan mundu bat dagoela. Asko poztuko nintzateke liburuak mundu hori azalera ekartzen lagunduko balu. Zubiak egin? Ahalegin asko egin da, jende asko ari da zubiak eraikitzen, eta nirea ahalegin bat da, beste bat.

Bildutako testuen artean, dokumentu historiko, bertso eta askotariko paper eta agiri ditugu. Liburuaren amaieran, berriz, bidaia bat dugu, zeuek egin zenutena, Boisetik Renora Jordan Valley eta McDermitt barrena, bederatzi bat orduko bidea autoz.


Kostatu zitzaigun bidaia hori egitea ere! Nik hainbat kontakizun eta historia gertatu zireneko lekuak ikusi nahi nituen. Hala ere, jendeak, “Ez zaitezte joan, han ez dago ezer!”… Baina joan ginen, eta pozik nago joan ginelako. Ematen du hango euskaldunak garai bateko abegikortasuna gorde duela, nola hartzen dituen euskaldunak! Hala ere, nik liburu honetan iragana erakusten dut. Epilogoan bidaia hori kontatzen dut, eta aurrez San Frantziskon, Chinon eta beste zenbait lekutan ere izan nintzen, baina ez naiz mundu horretan sartu, edo ez dut liburu honetara ekarri. Gaur egun gauzak nola diren ere interesatzen zait, baina ez da liburu honen gaia.

Dokumentu idatzien bidez osatu duzun argazkia eta batetik bestera, lekuan-lekuan egin dituzun bidaietan ikusitakoa bat datoz?


Garaiak asko aldatu dira. Gaur egungo euskal-amerikarrengan ikusi dut nor direla, ez daudela guri begira. Atxikimendu handia sentitzen dute honekiko, baina euskaldun izateko beren modua topatu dute, eta ez da gurea. Mundu horretan, hizkuntzak ez du lekurik, ezin du lekurik izan, eta ordainetan, garrantzi handia hartu dute musikak, kantuak, dantzak eta iraganak. Horrek beren nortasunari eusten laguntzen die eta, hori ez ezik, besteen aurrean euskaldun agertzen. Beraiek beste modu batera ulertzen dute identitatea. Guretzat, disjuntiboa da, hau zara, ala beste hura. Haiek, berriz, belaunaldi “marratxodun” bat dira, beste belaunaldi “marratxodun” askoren artean. Beraiek euskal-amerikar direla esango dizute, beste batzuek poloniar-amerikar, txinatar-amerikar edo dena delakoa direla dioten bezala. Identitatea beste modu batera planteatzen dugu haiek eta guk.


Euskaraz argitaratu da Far West… Eta ingelesez?


Reno-Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroaren proposamena jaso dut eta gustura naiz. Azken finean, liburuan ageri den mundua errealitateari dagokion edo ez, hango jendeak, edo han egondakoak, esan lezake ongien… Hala ere, nik ez dut jardun mundu hari buruzko datuak edo informazioa ematen, mundu horren atzean ezkutatzen den poesia agerian uzten baizik. Poesia hori gutxien uste denean azaltzen da. Artzain bati egindako galdera datorkit burura: “Zer zen onena Ameriketan artzain zenbiltzala?” Eta gizonaren erantzuna: “Onena? Fuerte kantatu eta nire ahotsaren oihartzuna entzutea!”. Ez da erantzun makala.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
"Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna"

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
"Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan"

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Eguneraketa berriak daude