argia.eus
INPRIMATU
33.000 tona behar dira espeziea iraunarazteko
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko maiatzaren 06a
Antxoaren arrantzan aritzen den Hegoaldeko euskal sektorea honako portu hauetan kontzentratzen da: Bizkaian, Bermeon, Ondarroan eta Lekeition, eta, Gipuzkoan, Getarian eta Hondarribian. Sektoreak 55 ontzi ditu, eta 775 pertsonak lan egiten dute ontzi horietan. Horiez gain, 73 emakume saregile ere aritzen dira sareak konpontzen. Iparraldean ere badira arrantza mota horretan aritzen diren ontziak, baina kopuruak behera egin du azken urteetan. Euskal ontziez gain, asturiarrak, galiziarrak eta kantabriarrak ere aritzen dira antxoaren arrantzan. Kantauri itsasertzeko ontziak, euskal ontziak barne, 200 inguru dira, eta guztira 2.000 langile aritzen dira ontzi horietan lanean.

Antxoaren arrantzaren bilakaera arrantzalekuen gehiegizko ustiaketak mugatu du. Gauzak horrela, 60ko hamarkadan 80.000 tona antxoa inguru arrantzatzen zituzten. 2000 urtean, harrapaketak 17.000 tonara jaitsi ziren. 2004an, harrapaketek 6.620 tonara egin zuten behera; 2005ean, 165 tona arrantzatu zituzten, eta, 2006an, 781 tona. Hain zuzen ere, antxoaren arrantzaren bilakaera negatiboak eragin zuen espezie hori arrantzatzeko debekualdia eta geldialdia.

Debekualdiak iraun duen bitartean, Itsas eta Elikagaien Zentro Teknologikoko (Azti) eta EBko teknikoek espeziearen egoera aztertu dute aldian-aldian Bizkaiko golkoan. 2008ko udazkenean egindako “antxoa gazteen” azterketari esker, biomasaren indizea 2005ean debekualdia dekretatu zenean baino %33 handiagoa zela ondorioztatu zen. Datu horiei esker, hurrengo urteko populazioaren bolumena zein izango den jakin dezakegu. Adituen ustetan, espeziea iraunarazteko kopuru egokia 33.000 tona antxoa izango litzateke. 2005ean, 21.000 tonatik beherakoa zen kopuru hori.

Kantauriar kostaldean antxoa debekatu izanaren ondorioz, espezieak Mediterraneoan zuen prezioak gora egin zuen, eta antxoa kiloa 12 eta 15 euro artean saldu zen 2007an. Mediterraneoko antxoa hori saldu dute Hegoaldean debekualdian zehar.