"Eulirik gabe zaborraz inguratuta biziko ginateke"

  • Azken hamar urteetan, entomologia forentseari eskaini dizkio orduak eta indarrak Deustuan jaiotako zoologo honek. Eta euliak eztiaren ingurura nola, hedabideak sarritan Marta Saloñarengana joatea eragin du “forentse” etiketak. Telebistari botatzen dio errua berak. Guk ez dugu amua irentsi: forentse lanaz ia ez dugu berbarik egin, intsektuez asko.
Marta Saloña
Marta SaloñaIñigo Azkona

Intsektuak dira animalia guztietan ugarienak, baina ezin gauza bera esan entomologoez...


Ez dago ikertzeko sos asko, horregatik ez dago entomologo gehiago. Baina bokazioa badago.

Benetan? Bada, jende gehienari nazka ematen diote intsektuek.


Lehenik eta behin, betidanik dakigu gaixotasunak kutsatzen dituztela. Bigarrenik, batzuetan geu gara haien bazka preziatuena, eta hori ez dugu gustuko. Eta gainera, oso gutxi dakigu haietaz. Horregatik onartzen dut hedabideei elkarrizketak ematea, dibulgazio asko dagoelako egiteke. Jendeak intsekturik gabe ezin bizi gaitezkeela jakin dezan nahi dut.

Orduan, intsektuek ematen diguten higuina justifikatuta dago ala ez?


Bai, prebentzio neurria den heinean. Ezin dugu pentsatu intsektu guztiak zoragarriak direla. Batzuek arazoak sortzen dituzte, eta hori jakin egin behar dugu.

Lan-lerro garrantzitsua garatzen ari zara ikerketan erabiltzen diren animalien alorrean, ikuspuntu etikotik betiere. Baina, zer etika maila izan behar dugu laborategietan intsektuak erabiltzeari dagokionez?


Ezin daiteke intsektu bat hil besterik gabe, batzuk oso leku berezietan bizi direlako eta akabatzeak arazo handiak sor ditzakeelako. Egunen batean, etika-batzordeek ebaluatu egin beharko dituzte animalia ornogabeak erabiliz egiten diren ikerketa-proiektuak. Gaur egungo legediak linboan dauzka animalia horiek, ornodunak baizik ez ditu hartzen animaliatzat. Intsektua babestutako espezie batekoa bada, orduan badago araudi bat harekiko, biodibertsitatearen kontserbazioa dagoelako tartean. Gainerakoentzat, ezer ez.

Intsektuen kasuan, zaila dirudi norbanakoaren eskubideez hitz egiteak.


Ornodunen sufrimenduaz jabetzen gara, gure antzera adierazten dutelako. Baina intsektuen sufrimendua ez dugu sumatzen; intsektuek eskeleto gogorra daukate kanpoko aldean, eta ez dute keinurik egiten, beste era batera adierazten dute mina. Batik bat, guk antzematen ez ditugun substantzia kimikoen bidez. Beraz, laborategian erabiltzen den euli bakoitza sufritzeko gaitasuna duen banakoa da, nahiz eta gaur egun haren balizko eskubideak ez dauden aitortuta. Ondorioz, badira ornogabeentzat gomendatutako eutanasia teknikak.


Oro har, ikertu daiteke sufrimendurik eragin gabe animaliei, ornodun zein ornogabe?


Posible da gero eta animalia gutxiago erabilita ikertzea. Azken bost urteotan aurrerapauso itzelak egin dira. Baina tamalez, legediak berak behartu egiten gaitu oraindik zenbait kasutan animaliak erabiltzera.


Euliak, gizakien areriorik handiena dauka izenburua zure mahai gainean datzan liburuak.


Izenburu horren helburua ale asko saltzea da. Ni ez nago horrekin ados, inola ere. Baina liburu honetan aipatzen diren espezieetako batzuk, egia da, arerio arriskutsuak dira gaixotasunak kutsatzen dituztelako. Eta bada euli bat, liburu honetan aipatua, pertsonen ehunak jaten dituena: Cochliomya Hominivorax.

Bizirik dauden pertsonenak?


Bai. Euli miasikoak dira, hau da, bizirik dauden animalien ehuna jaten dute. Aipatu dudan espezie hau eskualde tropikaletan bizi da, eta zorionez latitude epelagootan ez daukagu, baina tenperaturak gora egiten jarraitzen badu, ea ez ote diren iparralderantz etorriko. Tira, bada artikulu bat, Iberiar Penintsulan bizi diren euli miasikoez hitz egiten duena.


Beldurtzen ari naiz, aizu.


Kontuz ibili behar da. Inguruan dauzkagun espezieak, berez nekrofagoak direnak, potentzialki miasikoak izan daitezke, egoera baten eta bestearen arteko muga ez da hain argia. Nik ikusi ditut hemengo espezie batzuen argazkiak eta susmoa daukat miasikoak direla, baina ikerketa gutxi egin denez ezin dezaket esan segurtasun osoz. Hemengo abeltzainei eta foru aldundiei galdetu diet eta esan didate gurean ez dagoela miasirik. Sinetsi beharko.

Eta miasikoak albo batera utzita, euliak dira gure areriorik handienak?


Ez dakit hain arerio beldurgarriak ditugun ere, edo guk geuk asmatzen ditugun. Baina euli nekrofagorik gabe, esaterako, zaborraz inguratuta biziko ginateke. Hildako gorpuez, hobeto esanda. Haiek gabe ezer ez litzateke birziklatuko, haiek dira hilotzak azkar baino azkarrago desagerrarazten dituztenak. Denetik jan dezakete, azken boladan sortu ditugun zenbait gauza izan ezik: plastikoa, metala... Eta horiez gain, badira beste euli espezie asko, gugandik aldenduta bizi direnak ez dutelako gutaz ezer jakin nahi. Gehienak baketsuak dira, erleak bezala polenez elikatzen direnak. Dagoeneko ikerketak egiten ari dira etorkizunean euli horiek –eta beste intsektu batzuek– egin dezaten gaur egun erleek egiten duten polinizazio lana, erleak desagertu egingo dira eta. Ez dakit zehazki zenbat urte barru, erleak ez direlako nire lan-eremua, baina arazoa ate joka dugu, eta ondorio ekonomiko latzak sortuko ditu.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude