argia.eus
INPRIMATU
Laporta
Joxemari Ostolaza 2010ko otsailaren 11
Joxemari Ostolaza
Joxemari OstolazaDani Blanco
Joan, aurki joanen dena F. C. Barcelonatik. Bertako lehendakari izan aurrez, gu guztiok bezalaxe bere inguruan ezaguna. Elkarte horrek ezagutu duen futbol talderik helduena eta sortzaileena suertatu zaio bere aginpidearen garaiotan. Ez du aukerarik galdu bere irudia ezagutarazteko. Puztu egin da, gerri bueltak salatzen dion bezala eta politikara egin nahi du jauzi, Guardiola entrenatzailearen talentua pertika. Kasualitatez ERCn zatiketa eragindako Carretero dauka bere zain, politikan ideologia baino ospea dela armarik eraginkorrena jakitun. Laportak lehendakari izateari etekin handia atera dio eta futbolak eman dion itzalaz Generalitateko aulkia du jomuga. Ez dakit nik Carreterok Guardiolak adinako gaitasunik ba ote duen taldeak eta pertsonak lanean jartzeko. Ez dakit nik Carreteroren inguruan lantalde sortzailea antolatzeko pertsonak badabiltzan, beren lidergoak onartuko dituztenak. Badakidana, hamabostero laurogeita hamar mila bezero hurbil eta milioika zale urrun euren jardunaren zain ez dituztela izango. Eta hori ezean, nekez jokatu daiteke joko berean kolore berdinez eta batera. Eta sortzaileen uztaren biltzailea ez da berez sortzaile. Visca Catalunya lliure.