Lagun Aro EPSVk bere pentsio sistemaren erreforma sakona proposatu du. Eta aurtengo martxoko batzar nagusian hartuko du erabakia. Aurreikusi dituzten aldaketek Lagun Aroren pentsio ereduari eragingo diote, baita bere pentsio sistema mistoaren alde publikoak duen pisuari ere. Erreforma proiektuak pentsio sistema egungo nahiz etorkizuneko erronketara egokitzea du xede; erronken artean, kaudimena arautzeko legera egokitzea eta sistema publikotik datorren pentsioaren zatiaren eta Lagun Arok ematen duenaren artean oreka handiagoa lortzea nabarmentzen dira.
Berrikuntza nagusia, TUlankide aldizkariaren arabera, pentsioen eguneratzea da. Hemendik aurrera, pentsio eskubideen eguneratzea entitatearen kaudimenarekin zuzenean lotuta egongo da. Asmoa da eguneratzea KPIan oinarrituta egitea, baina horretarako entitatearen kaudimena bete behar da; hala, une jakin batean eguneratzea KPIaren arabera edo horren gainetik egin liteke eta, beste batean, egoeraren arabera, KPIa ez litzateke bermatuko.
Sistema publikoari dagokionez, oreka berri bat lortu nahi da. Pentsio sistemaren zati publikoa osagai nagusia izango litzateke (%60), baina Lagun Aroren zatia garrantzitsua izango litzateke oraindik (%40). Orain artean, zati publikoak erretiro eta alarguntza kotizazioaren %33 hartzen zuen batez beste, eta Lagun Arok, %67.
Erreformak 2010. urtearen amaieran 50 urtez azpiko mutualistei eragingo lieke eta, noski, mutualista berriei. Horrez gain, 2010. urtearen amaieran 50 eta 60 urte bitartean dituztenei ere partzialki eragingo lieke.