Kanoa monoxiloa Baionako Euskal Museoan. Jakoba Errekondo
Artocarpus Altilis, ogiondo edo ogi-arbolen fruitua, orrantzatutako ogigai orea bailitzan, erre eta jaten da. Baita birrindu eta galletak eginda ere. Fruituarenak ez dira, berriz, arbolon etekin bakarrak. Gure antipodako polinesiarrek ez zuten alferrik etxekotu... Haren enborreko latex oparoarekin kola itsasgarriak, txoritarako biska, txiklea eta iragazkiak behintzat egiten dira eta beherakoa lehortzeko ere badarabilte. Egurraren zuntzarekin sokak eta lokarriak, arrantza-sareak etab. egiten dituzte, baina gerrian zintzilik daramatzaten tapa edo gona airoso tradizionalak egiteko gaia dutelako ezagunago da. Egurra bera erregai aproposa da, etxeko zurajerako eta zuraje arteko altzaritarako bezala.
Hainbeste mesede zekartzan arbola etxekotuko ez zuten bada? Asia hegoaldetik abiatu eta pixkanaka Ozeano Bareko uharteak kolonizatu ahala ogiondoa landatzen zuten. Kolonizazioan ezinbestekoa zen arbola hau, jatena, osasuna, jantzia eta lanabesak batean zeramatzana baitzen. Tartean kolonizaziorako lanabes nagusia, kanoa. Ogiondoaren enborra baitzen kanoak egiteko gaia. Euskal Herrian haritzarekin egiten zen bezala, aizkoraz eta opatxurrez hustutako enborrak ziren gure lehenengoetako ontziak, kanoa monoxiloak, alegia.
Garrazta, tantaia behar izan haritzak honelako ontzi bat emateko... Gerora Europako ontzi handienetakoak eraikitzeko arotz aurreratuenen teknikak izango zirenaren abiapuntua, enbor bat hustea. Baionako Euskal Museoan dugu jasoa ezagutzen den tankera honetako ontzi bakarra. Kaikua egiteko urkia husten den era berean edo garai batean ogia egiteko oremahaiak bezala, enbor bat hustuz eraikitzen ziren ontzi hauek. Geurean bezala baita itsaso bareagoetan ere... hustzailea kaikua izan edo ez. Polinesiarrek ogiondoa daramaten eran, non ez dugu guk harro-harro haritza erakusten?