argia.eus
INPRIMATU
"Ardiak garela ematen du: berdin janzten, kontzertu berak ikusten, disko hori ez badaukazu ez zara inor…"
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 16a
Disko batetik bestera denbora nahiko pasatzen da, eta askotan ordurako abestiak erre egiten dituzue…
Bai, patxada nahikoa daukagu eta ez dugu presioarekin lan egin nahi izaten. Jada kanta berriak ateratzen ari gara eta asko baztertu ditugu, gustura gelditu arte. Egia da diskoa kaleratu orduko abesti horietaz nekatu egiten garela, aldrebesak gara horretan.

Non aurkitu duzue Electric Amai? Kantuek asko irabazi dute…


Aspalditik ezagutzen genuen, baina ez genekien teklatua jotzeko gai zenik. Parranda batean esan zigun jotzen ausartuko zela. Lehen entsegutik primeran joan da guztia. Diskoko abestiak eginak zeuden, baina asko aberastu ditu Farfisarekin eta hasi da hitzak idazten. Gure altxorra da!

Disko honetan rock-and-rolletik garagera salto egin duzue… Eta emaitza ederra da.


Bai. Garage-punkera. Guk Rock-and-rolla maite dugu, baina batez ere musika zuzena. Punka entzuten hasi ginen eta gero konturatu ginen bazeudela beste estilo batzuk ere, ilunak, zuzenak… Diskoko kantak Londresen egin genituen lehen kontzertuetan inspiratuta daude: Hare Krishnak, jaiak, hango ligeak…

Diskoa bi txandatan grabatu duzue…


Bai. Kasualitate bat izan zen. Diskoa Oñatin grabatu genuen DJ Kirrinekin, eta bera hip-hop zalea bada ere, oso soinu garageroa lortu zuen. Horren ostean, Rumble Recordsekoek gugana jo zuten bilduma baterako grabatu gabeko kanta bat eskatuz. Esan eta egin…  Lobo Electricoko Guantxekin batu eta lau bertsio grabatu genituen: hiru disko honetako bonusak eta Kinksen bat Rumblentzat.

Mi moda soy yo. Gustuko dut zuen slogana…


Londresen asmatu genuen. Hainbeste itxurakeria, eta gero funts gutxi. Esan nahi du gure bide propioa egiten dugula. Askotan ematen du ardiak garela: berdin janzten, kontzertu berak ikusten, disko hori ez badaukazu ez zara inor… Nazkatuta gaude kontu horietaz.