argia.eus
INPRIMATU
Animo Haiti!
Aitor Albistur 2010ko otsailaren 11
I
Tektonika
ezaugarri
suntsitzaile
bat oinarri
duen faila
batek sarri
Karibea
dauka larri.
Enriquillo
beldurgarri

berriz martxan
zara jarri.
Enriquillo
beldurgarri
Haiti egin
duzu harri…
II
Nahiz dardara
ezagutzen
hasterako
denak zuzen
sorospena
erregutzen
jardun, zaila
zen laguntzen…
Nola dena
apurtu zen

mundua hasi
zen beldurtzen…
Nola dena
apurtu zen
Richter bera
beldurtu zen!
III
Lurrikarak
nahaspila
sortzeaz gain
etxe pila
eraistean,
urtarrila
bihurtu zen
hilen hila.
Joan dira
ehun mila,

ene hau da
iskanbila!
Joan dira
ehun mila,
bizi hobe
baten bila?
IV
Han daukaten
negar hotsa
da benetan
aproposa
ulertzeko
zein den motza
herri xume
baten poza.
Ez al da han
den kaosa

Herioren
harrabotsa?
Ez al da han
den kaosa
bizitzaren
heriotza?
V
Bizi duten
egoera
lazgarria
den gainbehera
ikusirik
laguntzera
doaz Puerto
Principera.
Batzuk, euren
izaera

bolondresa
eskaintzera.
Batzuk, euren
izaera
asekaitza
hedatzera…
VI
Bikain bizi
den zenbaiti
esplikatzen
zaio zailki
hilzorian
den norbaiti
zerk egiten
dion gaizki…
Nahiz erori
zaren Haiti

nahi zaituzte
berreraiki.
Nahiz erori
zaren Haiti
berriz behar
zara jaiki!

Doinua: Itsasoa laino dago.