Karlos Linazasoro idazleak Diario Vascon: "Hitz apokaliptikoak entzuten dira aspaldion gure literaturari buruz (...) ez dagoela irakurlerik, ez dela libururik saltzen. Eta orduan negarra dator argitaletxeen begietara, eta lanturu mingotsa idazleen aho-zulora. Hau guztia badator behera. Bestalde, ordea, inoiz baino hobeto omen dago gure literatura kalitatez zein kantitatez, eta hementxe arazo humanistiko-existentzial bat planteatzen zaigu: zertarako idazleon ahalegin nekagarri eta eskergabe izugarri hau, lubakiaren beste aldean inork ezer irakurtzen ez badu? Zerk egiten du huts? Edo, dena da idazleon erretxinkeria eta ezin konformatze gaiztoa? Noiz dago idazle bat konforme? Zenbat sari, aipu eta lore, elkarrizketa, zenbat irakurle behar ditu zorioneko izan dadin?".
Karmele Jaio idazleak Berrian: "Argi daukat idazten baldin badut esan nahi dudan zerbait esateko izan behar duela. Ez naiz hasiko, adibidez, abenturazko nobela bat idazten gai batzuei buruz nahikoa idatzi dudala uste dudalako eta gai berriak behar ditudalako. Ez dakit zer izango den idatziko dudan hurrengoa, baina beti izango da nire barruan sortzen den zerbait, idazteko beharra sentitzen dudan zerbait. Ez dut sekula originaltasunaren mesedetan beste gai edo mundu diferente bat bilatuko. (...) Nobelak pisu handiagoa du merkatuan, komunikabideetan eta abar. Eta uste dut horregatik direla ezagunagoak nire nobelak ipuin liburuak baino; eta ez nire nobelak ipuin liburuak baino hobeak direlako".