Egoitz Lasa
Usurbilek hondakinen kudeaketa eredua irauli du. Duela urtebete hondakinen %28a jasotzen bazen bereizita, batez beste, orain %82a jasotzen da. Jauzi ederra da, 28tik 82ra. Handia.
Atez ateko bilketari esker ia dena birziklatzen da orain Usurbilen. Herri guztiek gauza bera egingo balute, ez genuke natura sakeatzen jarraitu beharko lehengaien bila. Ez genituzke zabortegiak ireki orduko beteko. Ez genuke errauste-plantarik egingo. Askoz modu orekatsuagoan biziko ginateke.
Ezta, ez ginateke zinera joan, Avatar filmaren mundua ikusi eta hain triste aterako. Ez da ergelkeria. Interneteko foroetan milaka lagun dabil, lur jota, baineran sartu eta zainak irekitzekotan, lurrean bizi baino Pandoran nahiago dutelako. Na’vi-en bizimodua hain modu errealean “saboreatu” ondoren kosta egiten da, kosta egiten denez, gure bizimodu lurtarra ederrestea.
Zekenkeria gainean eraikitako ekonomiak Gipuzkoa ere usteltzen du. Herritarren osasuna baino dirua gehiago maite duten politikariek eta enpresariek Zubietan errauste-planta ezarri nahi dute. Gipuzkoa ez da Pandora, baina zekenkeria lurtarrak gu ere mehatxatzen gaitu.
Zabarrak garelako egiten digu gainezka zaborrak. Usurbilgo alkateak zabarrak ez izateko eskatu die usurbildarrei eta hauek bikain erantzun dute. Nago beste herrietan ere bikain erantzungo genukeela. Ez badigute eskatzen badakigu zergatik den, gutxi batzuei komeni ez zaielako.
Orain arte Xabier Mikelek bakarrik erakutsi du Na’vi-en altura. Usurbil urdinez margotu du eta Oiartzun eta Hernani gehitzen bazaizkio, Gipuzkoan hiru herri izango dira garapen iraunkorra eta oreka ekologikoa zinez bilatzen duten herriak.
Nire buruari begiratzen diot orduan. Ez zait bidezkoa iruditzen ardura guztia Xabier Mikelen bizkar uztea. Hondakinen arazoa guztion arazoa da eta irtenbideak guztion laguntza eskatzen du, usurbildarrena eta usurbildarrak ez garenona.
Usurbildarrek badakite zer egin, otsailaren 27 eta 28an dute atez atekoaren inguruko herri galdeketa. Alkateak haien esku jarri du atez atekoa blindatzeko erabakia. Usurbildarrak ez garenok berriz hilabete daukagu usurbildarrei gure ordez bozka dezaten eskatzeko. Atez atekoa martxan jartzen hurrengoak izan nahi dugula aitortzeko.
Zenbat lore nahi ditugu gure lorategian? Zenbat muxu gure sudur gorrian? 28an 82.