argia.eus
INPRIMATU
Ultima ratio
Itxaro Borda 2010ko otsailaren 02a
Gaizka Iroz
Goizetan lanera noanean zubia zeharkatzen dut eta Santizpiritun sartzean Jehovaren Lekukoak beraien paper eta aldizkariak banatzen kukuskatzen ditut. Ez diet sorik hedatzen, den-mendreneko begirada dei antzera interpreta dezaten beldurrez. Barne-tragedia zantzuren baten aiduru daude solasean hasteko eta 2012ko apokalipsia iragarriaren karietara infernuko suan nola kiskailduko garen a+bez azaltzeko, Bibliako erakaspenak aitzakian. Horien elasturiak entzun baino nahiago nuke oraino Axularren Guero osoan etengabe irakurtzera gaztigatu nazaten.

Gauez zinematik natorrenean predikari islamista bizardunen itzaletarik gordetzen naiz. Hauek ere 2012rako apokalipsia hitz ematen dute bereziki buruak estalirik ez dituzten neska gazte eta andere zohituei. Larunbat arratsaldeetan aldiz, Baionako karriketarik shopping egiten nabilenean, ez dut deusen premiarik, sotanaz apaindu apezpikuaren zaindaritza hurbileko apez zainartak ikusten ditut, soldaduen moduan herrokan jendetzak urratzen dituztela. Mormoi hirukoteak eta aurpegi hitseko ebangelista bik liburu saindua gora datxikate. Urrunago azkenik bonze arropetan jantzirikoek lore zimelak aurtikitzen dizkigute ahots mehakoilez mantra lanzinanteak errepikatuz.

2012ko apokalipsia bertan daukagu. Eliza mota guztiak, bai eta sektak, hagin kurruskaz doaz, pagano eta bekatorosen hondar orenak leuntzeko. Izerdi. Hatsanka. Perpausak aho-sabaietan kuskatzen zaizkie eta ezpainetan behera konbentzituen lekeda berdaska darie. Egunerokotasun gore batean bainatzen garela dirudi, zerrendatzen baldin baditugu bestaldeko munduko ezbehar larrienak, bankuek eragin krisia adibidez, edo pobreen bizirauteko gutizia nazkagarria eta Haitiko lur-ikara izugarria, bakerik nehoiz ez dukegula argi dago. Telebistek karia horretara diru-laguntza txapelketa moduko bat antolatu zuten, arrats apaletan milioiak milioiei gehitzen zitzaizkien zenbakiak eskainiz. Urrikia behintzat eurotan konberti dezagula, guhaur konbertitzen ez baldin bagara.

“Diru zakarrak bihotzik ez du” abesten genuen aspaldi, zintzurrek oihar ahala, baina baditu mutil-sehi itsuak nasaiki. Gure arimak fede-multinazionalen gerra-zelai bihurtu dira. Erlijioak enkantean zinpurtzen dira: nork aurtikiko debekurik gogorrena, anatemarik hertsizaleena, larderiarik handiena, emazteen aurkako gorrotorik distiratsuena, emeak baitira zinez fedegitura haboroxienen etsai deabrutuak. Eta botere politikoak belauniko datxizkate, elizek joko koerzitibo baliosa eramaten dutelako, merke. Fedearena, merkatu neoliberal bat gehiago da. Lege iniko eta logika asekoi berdinarekin. Bidenabar igurika dezagun zeinek digun ate ilunen sekretuan proposamenik hoberena eginen, gaixotzen gaituzten balizko erruduntasunen aurkako segurantzarik egokiena eskura jarriko, afektiboki errazena halaber, ez baitugu sufrantza latzegietan higatzeko denborarik.

Aztekarren berrogeita hamabiko urte zikloaren arabera 2012an apokalipsiaren desordenuak pairatuko ditugu. Frantzian lehendakari hauteskundeak dirateke orduan. Eliseoan aterbetzen dena apokalipsiaren zazpi aingeru malefikoetarik bat denez galdezka nabil Santizpiritu zubia trabeskatzean. Betazalak apaltzen ditut ez baitut erantzunik eta ez nuke gustuko fede-tratulariek ene dudak zula ditzaten. Sumisio gider itzela baita zalantza haientzat, bizidunak apalesteko. Populuen opioaren keetarik doi-doia askatu eta berriz harrapatzen gaituzte integrismo ugarien xederetan. Kontsumismo hutsalaren aztaparrari esker.

Vade retro ultima ratio...