Jakoba Errekondo
Kaiku deitu eta kaikuak egiteko gaia den urkia (Betula sp.) iraintzen dut. Astakilo deituta asto gizagaixoak. Nola arraio izendatu zuhaitz eraileak? Hona urtero, udazkenero neguero, makina bat zuhaitzek pairatu behar duten zigor kriminalaren beste adibide bat. Dotoreziaren izenean zuhaitza jo eta enborreraino soiltzea da bihozgabe krudel hauen inausketa gogoa. Itsusi, itxuragabe mozten dute egurra. Zuhaitz mardula bere lotsaren mailara, eta ezinezkoa bada ere, haien ustez haren behera, makurtzeko era bakarra egurra ematea dela jakitun. Argazkikoa zume negarti gazte segaila (Salix Babylonica), sakaila egina. Hori gutxi eta sarraskia azkarregi egin dutenez zuhaitzak puja berriak bota ditu, hauek ez dira negurako zaildu eta berri-berritan ederki erreko ditu hotzak. Kristauen jai okaztagarrienen sasoian, aizkoraren epaia eman diona hurbilekoaren torturaz, auzokoaren eskubideetaz, ahaidearen minaz, ondokoaren ezinaz, hurreko gaixoaz, senide zanpatuaz, hurkoaz ariko da, amona Joxepak zioen eran, ahoa neurri! Eta zuhaitz haurridea?