Jamaikako esklaboentzat ogiondoa zeramaten Bounty ontzian.www.doctormacro1.info
Ogiak, lizunaren soineko loredun harroaren usaina baino aurrekoak baditu. Ailisa ez geratzeko hantutzen ari denekoa, labekoa, erre berriarena...
Erre berritan du ogiondoaren, Artocarpus Altilis ogiaren arbolaren fruituak ogi itxura eta honen tankerako mamia. Izenak ere argi dio: grezierazko artos (ogi) eta karpos (fruitu). Ogi-zuhaitza deitu izan da, baina ogi-arbola zuzenagoa izango da, ezta? Ogiondoa beraz... Fruitua ogi handi baten eite eta tamainakoa da, sei kilokoak ere jaso izan dira. Jateko era ugari dago: frijitua, labean errea, egosia... Geurean artirinak adina tripa-zorri isilaraziko zituen ogi honek gure antipoda inguruan. Ondo tropikala da ogiondoa: 12º-tik behera hostaila galtzen du eta izugarrizko ur pila behar du, Euskal Herri hezeenean urtero ditugun 1.500 l/m2-tik gora, alazankua.
Berez malaysiarra da ogiondoa. Bere jaleen adiskide mina izaki, haien migrazioetako txalupetan mundu tropikal guztietara zabaldu da gero: Asiatik Polinesian sakabanatu, gero Erdialdeko Amerikara, ostean Hegokora, ondoren Karibe osoa, Afrika... Istorio eder askoak eman dituzte bidaiok. Istorio hauetan bat da ezagunena, makina bat liburu, film eta kontu erditzea eragin duena.
Ingelesek Jamaikako esklaboei jaten emateko Tahititik ogiondoa ekarri eta landatzea pentsatu eta Hego Amerikari buelta emango zion ontzi bat pleitatu zuten. Antartida alde hori gogorregi gertatu eta Afrikatik barrena bide luzeenetik joan behar. Halako batean Tahitira iritsi eta landareak ateratzeko hilabeteak sasoi onaren zain. Marinelak bertan gozo, baten bat ezkontzeraino... Bueltakoan matxinatu, kapitaina bere aldekoekin eta landare guztiak uretara bota eta Tahitira bueltatu ziren. Bertan lagunak hartu eta garaiko mapetan gaizki kokatua zeukaten Pitcairn uhartean Utopia deitu kolonia sortu zuten. Gaur egun dituen bederatzi familietako 50 biztanleetako batzuk haien ondorengoak omen dira.