“Euskaldunen odolak ez du odolkiyak egiteko ere baliyo”

  • Koldo Izagirre ::Euzkadi merezi zuten

    Susa

    orrialdeak ::104

    prezioa ::15€

Euzkadi merezi zuten Hordagok argitaratu zuen 1984an. Urte berean, beste batzuen artean, Itxaro Bordaren Emakumeak idazle (Txertoa), edota Anjel Lertxundiren Urtero da aurten (Erein) liburuek argia ezagutu zuten. Historiaren harira 2002an, Hasier Etxeberriarekin berbetan Koldo Izagirrek zioen, bere literatur ibilbidea buruan, saiatu behar zuela ahaleginak egiten gerora ere interesgarriak izango ziren gauzak idazten. Geltokietako literaturatik urrunduz, horren kontra borrokatuz eta baliabide linguistikoei muzin egin gabe. 25 urte pasatu dira eta pasaiatarrak zerbaitetan arrazoi izango zuen, izan ere, Susak berrargitaratu baitu eleberria. Eta argitalpen berriak kontrazalean laudorio festa eskaintzen dio: “Gaur idatzia bezalako perfekzioz iraun duela denboraren higaturik sufritu gabe, harrigarri moderno estiloaren indarrez”.

Nik esan behar banu, gauzak ez dira gehiegi aldatu duela 25 urtetik hona, izan ere, garai hartan bi bider leitu behar izan nuen eta oraingoan ere sekuentziak, denborak, eta norabideak lerratzeko bi aldiz irakurri behar izan dut. Koldok dio bere prosa poetikoa elipsiek zailtzen dutela. Eta hartara, irakurleak, idazleak abiaturiko bidaian bidaide izan behar duela eta egiari zor, Izagirre ulertzeko irakurleak eraman handikoa izan behar du, ez zaio lana neke egin behar.

Baina bidaia honetan espazioek berebiziko indarra hartzen dute: moilak, itsasoak, mendiak, baserri giroak, sagardotegiak, kaleak, trenak… denak ere, Pasaia-Astigarraga ardatz duten ingurumarian. Nobela sekuentziaka osatua dago, sekuentzia bakoitzak bere tenore, bere istorioa. Horrela, 1920 eta 30eko hamarkadek hartuko dute hitza, eta ahotsa gehienetan Inazio Jauregik, bera izango baita kontakizun honen itzaina. Baina Inazio irakurleari ematen zaion pista bat da istorioak osatzeko eta denbora josteko, izan ere, nobela hasten denetik bukatu arte gertakizun historiko ugari kontatzen baita: baserrian estreinakoz argindarra sartzetik, Indalezio Prieto mitinetan hitz egiten entzuteraino… beste gauza askoren artean. Nire gusturako gehitxo.

Baina espazio, denbora eta sekuentzia bakoitza hizkuntzak bizitzen ditu eta nago literatur lan honek egiten duen ekarpenik nagusiena, hizkuntza paisaiarena litzatekeela. Hizkuntzak egiten du Euzkadi merezigarri. Eta 25 urte eta gero, bere edertasunean dotore, gerra garaiko semantika dugu lekuko. Krika hautsiaren hotsa, fianbreraren soinu petrala... Moila aldeko euskararen doinua, ahozkotasunaren freskura eta umorea: “Halaxe esan zun, neronek entzuna, euskaldunen odolak eztu odolkiyak egiteko ere baliyo”. Eta Más geyo, liburua leitu ta gero.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koldo Izagirre
2022-01-23 | Xalba Ramirez
Erbestea ez da turismoa, baina behar du kronika

Jose Luis Alvarez Txillardegi hil zela hamar urte bete dira. Efemerideek ematen dute aitzakia biltzeko, eta ekimenak sortzeko. Donostiar euskaltzale eta ekintzailearen gogoa omentzeko, zer hoberik liburuak baino. Zelulosa eta tinta ekarpen erraldoia utzi baitzuen atzean.

[+]

2020-06-14 | Aritz Galarraga
Duin harro solemne

Koldo Izagirreren literatura lotu izan da portuarekin (+1, haren bibliografia begiratzea besterik ez dago), politikarekin (0, literatura guztia ez al da politikoa, are politikotik ezer ez duela ematen duena ere?), zailtasunarekin (-1, errazkerian ez ote den erortzen gaur egungo... [+]


2019-08-12 | Estitxu Eizagirre
Mendearen umeek munduari desafio jo ziotenekoa

Koldo Izagirreren Mendearen umeek munduari desafio hitzaldiak ireki zuen maiatzaren 21ean Zerukotik lurrekora zikloa. 70 lagun inguru elkartu ginen Donostiako San Telmo Museoan, ARGIAren mendeurrena ospatzeko antolatutako zikloaren lehen ekitaldira. 1958 eta 1964 urteen arteko... [+]


Ipuina.eus ataria aurkeztu dute

Koldo Izagirren idazlearen eskutik eta Susa argitaletxearen babesarekin sortu da proiektua. Hogeita bat ipuin jasotzen ditu momentuz.


'Lardaska' sasikariaren egilearekin elkarrizketa
"Askapena hutsean politikoa balitz bezala kontenplatzen da herri honetan"

2016an zeresana eman du Lardaska argitalpenak: liburu formatuan publikatutako aldizkari autoeditatua nork idatzi duen ez da ezaguna, "Barbalot"-ek sinatuta dator, Koldo Izagirreren hitzaurre eta guzti. Ez dago esplikatu beharrik, berezitasun horiek direla-eta... [+]


Eguneraketa berriak daude