argia.eus
INPRIMATU
AHTri ez
Joxemari Ostolaza 2010ko otsailaren 02a
Izan zen urtarrilaren 22ko batzearen zioa. Arrakastatsua oso. Aroa ez alde, giroa bai. 2X2ren antza zuen, laborariek beren traktoreaz kilometro hotzak eginez, bertaratuek kolore bero berezia eman zioten manifari. Ez zegoen inprobisatua, Iparraldean hondar urtetan militanteak gai izan dira bilgune taktikoak eratzeko, elkarrekin lan egiten ikasiz eta garaipen sozialak lortuz. Urte askotako lan helduaren uzta. Aurreko larunbatean Laborantza Ganbararen batzarrean jada bertaratukoen artean suma zitekeen AHTren aurkako giroa, astean zehar bide eta bazterretan adierazpena izan zuena tintatzaileen aldetik. Hendaiatik abiatuta, traktoreek gidatuta mundu batek ekin zion Irunerainoko ibilbideari. Pankartek salatzen zuten herri askoren presentzia arduratsua. Santiago zubitik hara, etxeetako leihatiletan ikus zitekeen begirale zenbait, Sanmartzialetan balkoiak banderaz janzten dituzten beraxek. Oraingoan saletako oihalak babes, aldeko aldarririk ez, balkoiak biluzik. Ez gintuzten animatzen, ez ginen ongi etorriak, ez ginen beren komertzioetako bezero ohikoak. Merezi lukete beren alardean AHTren aurkako konpainia bat antolatzea sarraski ekonomiko-ekologikoaren lekuko.