argia.eus
INPRIMATU
Zubietako errauste plantarekin zer?
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko maiatzaren 06a
Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak Zubietako gainetan egin nahi duten zabor errauste planta aurrera doa. Erraustegiak 400 milioi euro kostako du eta 213.00 tona zabor erreko dituela kalkulatzen dute sustatzaileek. Jadanik hasi dira eraikina egiteko zundaketekin, zuloak ireki eta bideak zabalduz. Gipuzkoako Erraustearen Kontrako Plataformen Koordinadoratik argiari jakinarazi diotenez prozesua oso azkar doa eta horretarako erabilitako terrenoetako –34 hektarea– behin behineko enbargoak martxoan amaituko dira. Ondoren behin betiko espropiazioekin hasiko lirateke eta sustatzaileek urte honen lehen zatian nahiko lukete obrekin hasi.

Hala ere, oraindik epaitegietan hainbat kontu dago erabakitzeko. Horrez gain, herritarrek jarritako 2.000 helegitetik gora jaso ditu proiektuak eta horiek ere argitu beharko dira, besteak beste, kokapenari dagokionez eta Europar Batasuneko erakundeek hondakinen gaiaz hartutako erabakien buruz.

Greenpeace kontra

Errausketarez txosten esanguratsua plazaratu zuen Greenpeace erakundeak joan den urte amaieran: Incineración de residuos: malos humos para el clima. Espainiako erraustegien azterketa egiten du eta dio hondakinak erraustea klimarentzat oso kaltegarria dela: erraustegiek Espainiako eta Euskal Herriko CO2aren %3 isurtzen dutela salatzen du. Horrez gain, erraustegiak “balorizazio planta” gisa ez hartzea eskatu du Greenpeacek: “Ezinezkoa da ezkutatzea instalazio hauen errealitatea: aldaketa klimatikoa sortu eta errekurtsoak ezabatzen dituzten fabrikak dira”.

Txostenean dio enplegurako ere kaltegarriak direla erraustegiak, eta adibide bat ematen du: Zabalgarbin 280.000 tona zabor erretzeko soilik 11 pertsona behar dira. Horregatik, Zubietakoa bezalako proiektuak albo batera utzi eta Usurbilen martxan jarri den atez ateko sistemari heltzea proposatzen du munduko erakunde ekologistak.