argia.eus
INPRIMATU
Arrosak edertasunean arantzak ere baditu
  • Anger::Sedukzioaz

    Musikherria

    iraupena ::39´11´´

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2010ko urtarrilaren 31
Arrasateko laukoteak gazte-gaztetatik oso argi zuen taldea ez zela inoiz helburua izango, beraien barrenak husteko erreminta baizik. Metal kutsuko doinu gogorrak lantzen hasi ziren, eta poliki-poliki bestelako sonoritateetan murgildu ziren. Orain dela hiruzpalau urte kaleratutako Biluztu diskoarekin melodiaren eta indarraren arteko oreka borobila lortu eta hitzekin kritika zorrotza egin zioten gazteriari. Orain, jauzi askoz handiagoa eman, eta gizartearen kontraesan eta  itxurakeria azaleratzeaz gain, konposizio, instrumentazio eta giro oso landuak dituen diskoa egin dute. Metal oinarrien gainetik salto eginda, post-hardcorearen errekasto zabaletan igeri egin eta doinu eta melodia oso irekietara itsasoratu dira; betiko moduan, umiltasunez baina emaitza oso txukunarekin.

http://angerweb.net.
Denborarekin konturatzen zara gauzak bortizki esateko ez dela derrigorrezkoa kaña egitea

Denbora luzea pasa da Biluztu kaleratu zenutenetik. Ez zarete talde bezala “inor izango”…


Biluztu kaleratu eta gutxira bateriak hainbat istripu izan zituen, eta ordezkoak probatu genituen. Gerora, taldekideok lanpetuta ibili gara. Sormen eta beharren arabera egiten ditugu diskoak, ez gara jendeari begira egoten. Dibertitzeko eta gure ideiak transmititzeko da taldea.

Hardcore eta post-hardcore giroetan gustura zaudete, baina hastapenetako metala ez duzue erabat alboratu…


Beñat gitarra jotzailearekin ezin da [barrez] eta egia da oinarria badugula, baina hardcoreak gehiago erakartzen gaitu. Hastapenetan ez nintzen metaleroa sentitzen, ezaugarri oso matxistak dituelako. Aldiz, hardcoreak bestelako ereduak ditu: autogestioa, eraikitzea, emozioa…

Zuen kantuek melodia eta indarraren arteko oreka dute. Natural irteten da?


Nahiko natural, baina oso gustuko dugu eta bila ere joaten gara. Hamabost urterekin musika gogorrak seduzitzen zaitu, baina gero konturatzen zara gauzak bortizki esateko ez dela derrigorrezkoa kaña egitea. Horra hor Gose, esaterako.

Zita eta liburuen erreferentzia asko daude diskoan. Irakurtzen ez duen herriak ez du ezer aldatuko?


Baliteke. Gai batzuen gainean jantzita egoten ez bagara, eta komunikatzen ez badugu, jai daukagu herri bilakaerarekin. Orain da garaia Euskal Herrian halako gaietan sakontzeko.

Zergatik disko arrosa?


Unai Bergara diseinugileak hala proposatu zigun eta aproposa iruditu zitzaigun. Anger-metal-beltza irudiarekin apurtzeko batetik; eta sedukzioaren gaiarekin ere oso ondo datorrelako bestetik.

Zer balore berreskuratu beharko lituzke gizarteak?


Gizarte hedonistan bizi gara, sakrifizio gabe plazera nahi dugu eta gozamena ez dugu helburu moduan ulertzen. Bestalde, kolektibotasuna landu behar dugu: uste dugu bakarka askeagoak garela, baina batuz gero gara libreagoak.