Joxerra Aizpurua
Iruñean –1982ko udan– ezagutu nuen, UEUk antolatzen zituen jardunaldietan. Alfabetatze teknikoko ikastaroa izan genuen elkargunea. Hura irakasle zen, izen handiko ingeniaria, ordurako. Ni, ikasle soila.
Pare bat hitz egin orduko, Elhuyar-en parte hartzeko gonbitea luzatu zidan. Eta, nola diren gauzak, orduan ez nuen imajinatu ere egin, hurrengo hamahiru urteak inondik ezagutzen ez nuen talde hartan emango nituenik. Gogoko zuen Elhuyar aldizkarian idaztea. Gogoko zuen, bereziki, fisikako gaiak era ulergarrian ematea.
Gerora, maiz joan ginen harengana Bergarara, UNEDeko egoitzara, UEUn adar tekniko-teknologikoa antolatzeko xedez. Bilerak bukatuta, taberna izaten genuen elkarri agurra emateko tokia. Oliba-platertxoa zerbitu orduko, oliba bat hartu eta lurrera botatzen zuen beti, eta “orain ez duzue den-denak ez jateko aitzakiarik” eransten.
Beti jendez inguratuta, herri askotako koadriletan ezaguna, saltsa guztietan parte hartzen zuena, eta, halaber, astelehenetan fisikari buruzko artikulua zintzo-zintzo eta atzerapenik gabe entregatzen zuena. Horrelakoxea zen Luis Bandres. Eta horixe da, haren gainean aipa dezakedan biografia zatia.
Baina bazuen besterik ere. Bazuen urrunagokoa zaidan beste aurpegi bat ere. Politikari izan zen, Gipuzkoako Foru Aldundian diputatu, Eusko Jaurlaritzan sailburu.
Azken hiru urteetan, Irungo ogasuneko afera itsusian nahasita ikusi genuen bere izena. Heriotzaren ostean, nigandik urrutien dauden alderdiak nabarmendu zaizkio argitara emandako biografia gehienetan. Edo, beste modu batera esanda, nik ezagutu nuen Luis Bandres, pertsona parrandazale eta langile hura, denetarako denbora ateratzen zuena eta hain justu horregatik miretsi nuena, ez da inon islatu.
Mikel Laboa hil zenean, bati baino gehiagori entzun nion lamentua: “Bizirik zegoela egin behar zitzaion omenaldia”. Luisekin beste horrenbeste gertatu behar zuela erantsiko nuke. Kasu honetan ere, heriotzak irabazi digu partida. Eta aitortu beharra daukat, inork ez dugu mugimendu azkarrak egiteko ahalmenik izan. Ez nik, ez haren lankide izandakotik inork. Ez gara gai izan edo, gaizki pentsatzen hasita, ez dugu nahi izan. Akaso, ezagutzen ez dudan biografia hori dela kausa. Eta hala bada, madarikatzekoa iruditzen zait. Zipriztinen beldur direnekiko sentitzen dudan zartadura gero eta sakonagoa da. Ez ditut pertsona perfektuak gogoko. Nekagarriak zaizkit, beti tonu berean, beti korrekto.
Faltan botatzen ditut inperfektuak, iniziatiba hartzen dutelako erratzen direnak, parrandaren biharamunean ere, buruko minez bada ere, epelak entzuteko bada ere, zintzo-zintzo behar den tokian egongo direnak.
Agurrik ez, Luis.