Hau mundu zonbi hau

Angel Erro
Angel ErroJosu Santesteban
Zein da ikusi duzun azkenengo pelikula?

New Moon
, Crepúsculo sagako bigarrena, badakizu, banpiro eta gizotso nerabeei buruzko hura.

Ez da egia izango.

Ez, ez da egia. Hori ez da ikusi dudan azkena, baina pentsatu dut eman ahal zigula zer esana. Gizotsoek batez ere. Wow, ze gorputzak! Emango nieke larru-pasada bat. Botagarri daude zokotronkoak. Zuri, berriz, egingo nuke, gehiago tiratzen dizula protagonista banpiroaren lerdentasun tormentatuak, dotorezia zurbilak, eta abar.

Aitormena baino ez didazunez onartuko... Gainera, abantailaz zabiltza: badakizu giharrek ez nautela bereziki erakartzen. Gizotsoen aurretik, eta terrorezko pertsonaia guztien gainetik, banpiroen xarma dago. Gaizkiaren alderdirik anbiguo eta erakargarriena.
Banpiroak? Zeharo XIX. mendeko produktua dira. Erromantizismoaren seme zintzoak baino ez dira, eternitatearen zorra larrutik ordaintzen duten izaki bohemioak. Drakula, Lord Byron edo Fausto doktorea ezpal berekoak dira. Gutaz ez dute ezer esaten. Zalantzarik ez, XX. mende hau mende zonbia da.

Mende hau?

Lehen hamarkada aurreko mendeari dagokio oraindik. Edozein modutan, ezin hogeigarren (zonbigarren?) mendea amaitutzat eman, Michael Jacksonen heriotzara arte. Jacksonen aurpegi birrindua beste argudiorik ez nuke behar, XX. mendea zonbitarra izan dela frogatzeko, baina pentsa ezazu, bestela, munstro hauek eragiten duten mutazio parazientifiko eta kutsatzearen paranoian (HIES edo A gripearekiko beldurraren paraleloa izan daitekeena). Gaur egungo debeku nagusiak ez ditu Elizak ezartzen, osasun printzipioek baizik.

Orain esaten duzula, horrekin lotuta, Rikardo Arregi Diaz de Herediari hitzaldi batean aditu nion oraingo gazteei ez zaiela, ez zaigula, su eternalarekin mehatxatzen, gogoak agintzen duen eran egiteagatik, gaixotzearekin baizik.
Eta zonbitasunaren ezaugarriak ez dira osasunaren arloan gelditzen. Adar sozio-politikoa ere badu, banpiroen indibidualismoaren aldean, zonbiek taldea osatzen dute, alienazio argian daude eta gaizki antolatuak (zonbi film bat ikusi duen orok badakienez). Zizeken hitzetan esateko, “zibilizazioaren hondakin organikoa” dira. Honi buruzko artikulu bat idatzi dut nire blogean. Pasako dizut lotura.

Zuk ere Zizek aipatu behar duzu? Dagoeneko ez gaude inon libre.

Zonbi moduan bizi, biziraun edo hiliraun; zonbi moduan bozkatu eta kontsumitu. Eta, zenbaitetan, zonbi moduan protestatu. Ez dirudi oso erakargarria baina hau da egokitu zaiguna.

Aurten arte; aurten, zuk esan bezala, XXI. mendea hasten baldin bada. Akaso post-zonbiak izateko suertea izanen dugu. Nik hori behintzat argi daukat. Beldurrezko film batean bezala, ihesbiderik gabe banengo, zentzuzkoena eginen nuke, hau da, neure buruaz beste egin, inoren hatzaparretan sufritu behar izan baino lehenago.

Irtenbide hori ere oso hemeretzigarren mendekoa da, adiskide. Banpiroak, suizidioa... Ene, beste egun batean geldi gaitezke karlistadez ere hitz egiteko.

Hor ez nauzu harrapatuko. Onartzen dut erromantizismoak ongi zamatu duela buru-hilketa (poetek hor izan dute erru handia) Niaren muturreko minaren irteera natural moduan agertzeraino. Hortik, XX. mendeko suizidioaren izaera psikiatrikora pasa gara. Baina nik uste suizidio postmodernoa topatu dudala. Interneteko gizarte sareetatik norberaren arrastoa guztiz desagertzen duen programara (www.suicidemachine.org) joko dut, gehiegi zonbitu baino lehenago.

Eta orduan zeini idatziko nioke nik?

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude