Eguraldia gorabehera

Urte hasieran, urtarrilaren 2an, honako hau entzun nuen Espainiako Radio Nacionalean: azken Euskobarometroaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko hamar biztanletik zazpik ez dute konfiantzarik batere, edo arras konfiantza guti dute, gaur agintean dagoen gobernuan. Egun hartako solaskide guztiek, aho batez, harrigarritzat jo zuten ehunekoa, haien iduriko nahiko ongi ari baita oraingo lehendakaria. Badugu, beraz, abiapuntua: inkestek diotena diotelarik, ederki ari da Patxi Lopezen gobernua eta, zerbait aldatzekotan, inkestaren zentzua aldatu beharko lukete kazetariek, ez beren iritzia. Eta hala egin zuen saioko parte-hartzaile batek: %70en gaitzespena handia da, jakina, baina kontuan hartzen badugu hauteskundeetan hautesleen %20k bertzerik ez zuela PSE bozkatu, orduan ohartuko gara Lopezek bertze %10 erantsi diola hasieran zeukan konfiantza kopuruari. Hortaz, segitu zuen irratiko kazetariak, egunkari batek erran lezake, eta arrazoi osoz, gaurko Eusko Jaurlaritzak hamar biztanletik soilik hiruren babesa duela, baina hori bezain zilegi izanen litzateke adieraztea lehendakariak, oso denbora laburrean, %10ean zabaldu duela herritarren artean duen onespena. Azalpenak ez zuen objekziorik sorrarazi solaskideen artean. Horri, nonbait, Espainiako Radio Nacionalean, inkestak interpretatzea deitzen zaio.

Babes urria izan ez, baizik eta, egindako lanari esker, lehendakaria konfiantza zabaltzen ari dela argitu zigun kazetariak bazeukan, badaezpada ere, bertze inkesta bat eskura. Hau urtero egiten da, Estatu osoan, eta Espainiako politikaririk maitatuena nor den zehaztea du helburu. Hainbat urtez, Madrilgo alkateak lortu izan du espainolen agintari gogokoena izatea. Aurten, aldiz, Patxi Lopezek eskuratu du saria. Bigarren inkesta honek, beraz –ondorioztatu zuen Radio Nacionaleko kazetariak–, lehendabiziko hura zuzendu ez ezik, haren arroztasuna, haren anormaltasuna, agerian uzten du.

Bi inkestek eta haien interpretazioak hiru gogoeta egitera gonbidatzen dute, nire ustez.

Lehena, zenbakien ustezko objektibotasunari buruz. Argi dago Euskobarometroko datuek ez zietela iritzia aldarazi irratiko kazetari haiei. Datuak harrigarri gertatu zitzaizkien, iritzi ona baitzuten.

Patxi Lopezek ordura arte egindakoaz, baina, haren babes eskasa ikusitakoan, oker ote zebiltzan edo datu haien zergatikoaz galdetu beharrean, berehala hasi ziren zenbakiak “interpretatzen”, beren aurreiritziak eta jasotako datuak bat etor zitezen. Hau da, inkesten emaitzak aldez aurretiko iritziaren arabera behar dira interpretatu, eta ez alderantziz.

Bigarrenak, kasik metafisikoa denak, gauzen neurriaren erlatibotasuna dakarkigu gogora. %70eko gaitzespena edo %30eko babesa, kopuru handiak edo txikiak izan daitezke, segun eta nork dituen. Euskobarometroak datu horiek berberak eman izan balitu bertze kolore bateko Jaurlaritza bati buruz, ez dut uste Radio Nacionaleko kazetariek horrela marruskatuko zituzketenik zenbakiak, haiek nahi zutena erran zezaten.

Hirugarren gogoetak, zeharka bada ere, eguraldiarekin du zerikusia. Kazetariak altxatua zuen bigarren inkestak argi erakusten du nor dagoen pozik Patxi Lopezen gobernuarekin, eta, batez ere, noren kontentua zaien axola Madrilgo hedabideei. Denen gustura euririk behin ere ez, baina irudipena dut balizko euriak, zirimiriak edo erauntsiak bustiko dituenen iritzia hartu beharko litzatekeela kontuan, eta ez urrun eta eguzkipean bizi direnena. EAEko azken bolada honetako klima aldaketek akaso poz izugarria eragin izanen dute, demagun, Extremaduran, baina bitxia da, zer nahi duzue erratea, mapak ikusiko ez dituztenendako prestatzea, eta ez ikusiko dituztenendako.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude