Amatiño
Ozta-ozta, hiru hilabete baino ez dira joan Cegasak Energiaren Euskal Klusterrean sartzea eskatu zuenetik. Zer arrazoi ote zegoen pila arruntak egiten 75 urte zeramatzan enpresak bat-batean erabaki hori har zezan?
Geroztik, arrapaladan, lauzpabost albiste gertatu dira bata bestearen ondotik. Lehenik Juan Zelaiaren enpresak berak iragarri zuen auto elektrikoentzako bateriak egiteari ekingo ziola. Gero, Energiaren Euskal Erakundeak eta Repsolek ituna sinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoan auto elektrikoentzako zerbitzu-sare aitzindaria indarrean jartzeko. Ondotik Industria Sailak eta Mercedes Benzek elkarrekin hitzartu zuten furgoneta elektrikoak Gasteizen ekoizteko egitasmoa. Eta hau guztia gutxi bailitzan, datorren astean bilduko dira Donostian Europako Batasunaren Industria eta Berrikuntza ministroak auto elektrikoaren etorkizuna aztertzeko.
Nazioarteko Energia Agentziak aditzera eman duenez, 2030 urtean merkatuan egongo diren autoen %50 elektrikoak izango omen dira. Baietz lehenago izan.