argia.eus
INPRIMATU
Arkaitz Biain - Anger
Denborarekin konturatzen zara gauzak bortizki esateko ez dela derrigorrezkoa kaña egitea
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko ekainaren 30a

Denbora luzea pasa da Biluztu kaleratu zenutenetik. Ez zarete talde bezala “inor izango”…


Biluztu kaleratu eta gutxira bateriak hainbat istripu izan zituen, eta ordezkoak probatu genituen. Gerora, taldekideok lanpetuta ibili gara. Sormen eta beharren arabera egiten ditugu diskoak, ez gara jendeari begira egoten. Dibertitzeko eta gure ideiak transmititzeko da taldea.

Hardcore eta post-hardcore giroetan gustura zaudete, baina hastapenetako metala ez duzue erabat alboratu…


Beñat gitarra jotzailearekin ezin da [barrez] eta egia da oinarria badugula, baina hardcoreak gehiago erakartzen gaitu. Hastapenetan ez nintzen metaleroa sentitzen, ezaugarri oso matxistak dituelako. Aldiz, hardcoreak bestelako ereduak ditu: autogestioa, eraikitzea, emozioa…

Zuen kantuek melodia eta indarraren arteko oreka dute. Natural irteten da?


Nahiko natural, baina oso gustuko dugu eta bila ere joaten gara. Hamabost urterekin musika gogorrak seduzitzen zaitu, baina gero konturatzen zara gauzak bortizki esateko ez dela derrigorrezkoa kaña egitea. Horra hor Gose, esaterako.

Zita eta liburuen erreferentzia asko daude diskoan. Irakurtzen ez duen herriak ez du ezer aldatuko?


Baliteke. Gai batzuen gainean jantzita egoten ez bagara, eta komunikatzen ez badugu, jai daukagu herri bilakaerarekin. Orain da garaia Euskal Herrian halako gaietan sakontzeko.

Zergatik disko arrosa?


Unai Bergara diseinugileak hala proposatu zigun eta aproposa iruditu zitzaigun. Anger-metal-beltza irudiarekin apurtzeko batetik; eta sedukzioaren gaiarekin ere oso ondo datorrelako bestetik.

Zer balore berreskuratu beharko lituzke gizarteak?


Gizarte hedonistan bizi gara, sakrifizio gabe plazera nahi dugu eta gozamena ez dugu helburu moduan ulertzen. Bestalde, kolektibotasuna landu behar dugu: uste dugu bakarka askeagoak garela, baina batuz gero gara libreagoak.