Titulutik argi adierazi nahi izan dute Imanol Barrenetxeak eta Ekain Martinez Lizarduikoak: Afrikari zor dioguna jarri diote izena Gaiak argitaletxearen eskutik publikatu den dibulgazio lan honi. Kontinente horri buruzko estereotipoak, aurreiritziak eta juzku okerrak baztertzeko gonbidapena egin dute lehen orritik. Eta hori egiteko, ezinbestekoa da informazioa. Afrikari buruzko hurbiltze orokorra da liburuko lehen kapitulua. Ondoren, kulturari buruz idatzi dute, aberastasuna azpimarratuz. Eta hortik aurrera, bete betean sartu dira erlijioan, lehen gizakian, kontinentearen historian (kolonizazioa, deskolonizazioa, egungo egoera), natura bazterrean utzi gabe.