argia.eus
INPRIMATU
Zerutik ez da ogirik
Jakoba Errekondo 2010ko urtarrilaren 20a
Kristauetan gorrotagarrienen eskuetan dagoen Kristoren arantza-koroaren materiala hesilaharra, Lycium europaeum, omen. Gazteleraz arto izenez ezaguna. Arto, grekozko legamiarik gabeko ogia, gaur egun ia eliza ortodoxoaren ospakizunetan ez beste erabiltzen ez dena. Elizatik elizara landare laharren sasietan barrena. Horixe baitira elizak, sasitzak! Beren azpijokoen trapukeriatarako ogiak erabiliagatik, sasitzak.

Geurean, artoa deituriko artirinezko ogi trinko harrotu gabea erlijio bateko mito tankerako bihurtua dugu. Ogi gorria ere esaten zaio. Azoka, peri eta halako fariseotegietan soilik topa daiteke ia, edo beste inon izatekotan mendi aldeko laberen batean. Eta mito guztien tankeran, ziztrin. Hasten al da baten bat gure ogien, hau da, gure historiako artoen genealogiaren atzetik. Bestela, lehenaz gain, berriz ere ez dute elizek gurean zail izango, kanpoa euritan bezala, irabazian egotea. Ezjakinari, hizkuntzan urriari, historian elkorrari... oilo gaixoari denak mokoka. 

Garia egin ezin zuenaren ogia edo artoa zen artirinezkoa. Ogia eta taloa eta morokila edo arto-ahia. Makina bat gose putzu berdinduko zituen artirinak. XVII. mendera arte ez zuen, baina, artoak (Zea mays) Ameriketatik gure oramahaietarako bidea egin. Lehenagoko artoak, hau da oinarrizko ogiak, ordea, zein irinez egiten ote ziren? Artatxikia (Panicum miliaceum) nola landu bildu jaso eho oratu orantzatu eta erretzen zen? Eta beste koloretako ogiak? Ogi beltzarenak egin zuela zirudienean horra hor non berpiztu eta harro azaltzen den, zahi eta errexiloiak agerian, gure otorduetan, eta ogi xuria amesten gosete beltzak bizi zituztenak harri. Eta lurrin-dendak diruditen okindegietan zekale-ogia deitzen duten garai bateko otasa malapartatua? Eta ezkur-irinez egiten ziren ogiak?
Adi elizari, baina gure ezjakinari hel diezaiogun.