Diziplina desberdinak ikasi dituzu eta eleberriak, poesia, antzerkia, zinema… egin duzu, arrakastarekin gainera, sari ugari irabazi baituzu zure idatziengatik. Berpizkundeko pertsona dirudizu! Denetik probatzea gustuko duzu?
Denbora askoan Berpizkundeko literatura ikasi nuen eta agian horrek eragina izan du nigan, kar, kar, kar. Ez, serio: bitarteko desberdinak erabiliz istorioak kontatzearen ideia atsegin dut. Uste dut bai zinemak eta bai literaturak bakoitzak bere indar eta aukerak dituztela, eta esperientzia batzuk hobeto transmititzen direla hitzen bidez eta beste batzuk irudiekin.
Oso desberdinak dira medio batean eta bestean kontatzen dituzun istorioak?
Eleberrietan eta pelikuletan kontatutakoak nahiko ezberdinak direla esango nuke, bai: biek zerikusia duten arren istorioak kontatzeko artearekin, idaztea eta filmatzea oso lan desberdinak dira. Idaztea prozesu bakartia eta oso geldoa da, baina askatasun handia daukazu. Eta garrantzitsuena: zure ideiek ez dute kostu ekonomikorik! Filmatzea denboraren kontrako lasterketa da, presio handikoa, baina aldi berean talde handi baten ilusioa eta euskarri teknikoa dituena. Arrazoi horiengatik, biak maite ditut: idazle bizimodu bakartia uztartu egiten dut talde lan handi baten giza-abenturarekin; zinema-zuzendari gisa dudan erantzukizuna orekatu egiten da nire kabuz pentsatu eta idatzi dezakedan espazio intimoarekin.
Eta zein da lengoaia literarioaren eta zinematografikoaren arteko desberdintasuna?
Lengoaia literarioak gizakiaren barne mundua espresa dezake: pentsamenduak eta fantasiak hitzekin deskriba ditzakezu. Lengoaia zinematografikoak aldiz, gauzen azaleko urratu ia ikusezinak harrapatzen ditu. Ezin du mundua azaldu, baina berau erakusten du, hitzek gutxitan lor dezaketen freskotasun biziarekin.
Zenbat literatura dute zure filmek eta zenbat zinema zure eleberriek?
Eszena klabeen inguruan eraikitzen noa eleberriak, gidoietan bezala. Eta filmetan, oso zehatza izaten saiatzen naiz jendearen hitz egiteko moduarekin, erabiltzen dituzten berbekin eta hitz egiterakoan hartzen duten jarrerarekin. Baina nire filmak ez direla literaturaren bariazioak, ezin direla nire eleberriak pelikuletara ongi itzuli, ideia horrekin lan egitea da niretzat benetan interesgarriena. Medio bakoitzaren berezitasuna gustatzen zait.
Non aurkitzen zara erosoen, idazten ala errodatzen?
Bi prozesuek dute euren zati erosoa… eta deserosoa. Esperientzia gehiago daukat idazle gisa, baina idazterakoan, denbora eta leku pila bat daukazu zalantzarako eta autokritikarako. Errodatzea, nire ustez, erosoagoa da, babestuta egiten duzulako lan, zure ikuspegia euren alorrera eramateko gogor lan egiten duten pertsona ulerkor eta talentudunez inguratuta. Muntaketa gelan sartzen zarenean hasten dira benetan zailtasunak eta zalantzak.