argia.eus
INPRIMATU
Kultura libreko piratak
Gotzon Barandiaran Arteaga @gotzonbarandi 2010ko urtarrilaren 20a
Gotzon Barandiaran
Gotzon BarandiaranIñigo Azkona
Noiz uzten dio euskarazko sortzaileak bere lanaren jabe izateari? Idazle, musikari, margolari, aktore, eskulturagileak eta enparauak, zergatik ez gaude sindikatuta? Badago idaztetik bizi gura, ahalegindu eta ezin izan duenik? Internetetik musika doan jeisten dutenak piratak badira, zer gara liburuak osorik doan Interneten irakurtzen ditugunok? Eta deskatalogatuta dauden liburuak doan inprimatzen ditugunok? Eta zer dira liburugintzarako administrazio publikoetatik dirulaguntzak jaso eta Interneten ere copyrighta sutsuki defenditzen dutenak?

Atzo arte euskarazko kulturaren industria sendoa gorpuztea lehentasuntzat zutenek, gaur egile-eskubideen defentsa dute aldarri. Liburuak euskarri elektronikoan jarri dituzte, paperezkoak baino %70 merkeago. Adi egon ezik, prezioaren merkatzea azpimarratzeaz gain, kultura errazago hedatzen laguntzen dutela pentsaraziko digute-eta. Ostera, ez digute erantzungo zergatik ez dagoen egilearen esku sortzen duenaren %90a edo zergatik dauden liburuak osorik doan eskaintzearen aurka, finean, zergatik sortzaileen lanen kontura bizitzeaz gain zergatik gailentzen zaien kulturaren ikuspegi merkantilista.

Edozein irakurlek, bere etxeko bakardadean zein irakurle klubeko lagunartean irakurtzeko, etekin ekonomikorik ateratzeko inolako asmorik gabe paperean argitaratuta dagoen liburua fotokopiatu edota Interneten dagoena inprimatzen badu, zigortu egin behar dugu? Idazleak horregatik kobratu egin behar du? Eta argitaletxeak? Kultura, beraz literatura, besteak beste, adierazpen askatasunerako, jakintza trukatzeko, ezagutzarako, hezkuntzarako, elkarreraginerako, iritzi edo pentsamendu zurrunak malgutzeko, ikuspegiak zabaltzeko eta komunikaziorako ezinbestekoa dela deritzogunentzat Interneta kontzeptuok gauzatzeko bitarteko itzela da.

Interneterako ere copyrighta defendatzen dutenek eta berauen ikuspegia legalki bermatzen duten agintari politikoek iruzurra egiten digute. Lehenek eurena ez denetik etekina atera gura dutelako, bigarrenek sortzaileen lana babestu, ezagutarazi eta sustatzeko alternatibarik proposatu ere egiten ez dutelako. Halan da ze, ez argitaletxeek ez administrazio publikoek ez sindikatuek ez dizkigutenez gure lana duinduko duten eta hartzaileen eskubideak aintzat hartuko dituzten proposamenak luzatuko, sortzaileok izan beharko dugu gutxienekoa gehiagotzen hasi beharko dugunak, ez? Beste kultura batzuetako sortzaileek plazaratu dituzten proposamenak aztertzen has gaitezke, berbarako, Carta por la Innovacion, la Creatividad y el Acceso al Conocimiento deritzonean datozenak. Gutun horretan sortzaileak hileroko soldata eta lanpostu egonkorra izan ditzan neurriak hartu behar direla proposatzen dute. Edo sortzaileok bereziak gara gainontzeko langileen aldean?