argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2010ko urtarrilaren 20a

dFeria antzerki jaialdia bertan behera utzi dute. Norka Chiapuso antolatzaileak eta Denis Itxaso Donostiako kultura zinegotziaren hitzetan, “ikuslegoaren harrera eskasa eta krisi ekonomikoa” daude erabakiaren atzean.

 

Helena Taberna zinema zuzendari nafarraren La Buena Nueva filmak sari berri bat jaso du: Valparaisoko (Txile) Giza Eskubideen Nazioarteko IV. Zinema Jaialdiko Salvador Allende saria, Memoria Historikoa sailean.

 
 

Huhezinema film labur jaialdia antolatu du hirugarrenez Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateak. Apirilaren 27tik 29ra egingo da Debagoieneko (Gipuzkoa) zenbait gunetan, ekitaldi nagusiak Eskoriatzako fakultateak jasoko dituen arren. Lanak aurkezteko epea martxoaren 12an amaituko da. Film guztiak jasotzean, lehiaketan parte hartuko dutenak aukeratuko ditu epaimahaiak. [www.huhezinema.com]

 

Ekon taldeak azken kontzertua eskaini zuen hilaren 16an Durangoko (Bizkaia) Plateruenan. Sexty Sexers, Eraso!, Sharon Stoner, Estricalla eta Anger taldeek ere hartu zuten parte Ekonfest izeneko jaialdian. Hiru lan plazaratu ditu Ekonek: Zurrunbilo kaotikoa (Mil A Gritos, 1997), Etnia 2000 (Mil A Gritos, 1999) eta Salatzen dut (Gor, 2002). 2004an taldea desegin zen, baina iaz berriro elkartu eta zenbait kontzertu eskaini dituzte gaur arte.