Clarín ahaltsuaren jabea auzitan

  • Marcela eta Felipe Herrera Noblek –Clarín taldeko jabe ahalguztidun Ernestina Herreraren seme-alabak– DNA probak egin zituzten joan den abenduaren 30ean. Argentinako diktaduran desagerraraziei bahitutako seme-alabak izan daitezke Herrerak 1976an –irregulartasunez beteriko auzian– adoptatutako bi gazte horiek.
Ernestina Herrera
Ernestina Herrera seme-alabekin
Mayo Plazako Amonek duela zortzi urte jarritako salaketa aintzat hartuz, Roberto Marquevich epaile federalak Ernestina Herrera atxilotu zuen, agiri publikoak faltsutzea eta adin txikikoak ezkutatzea leporatuta. Clarín taldearen abokatuek lortu zuten, ordea, gogokoago duten Carlos Bergesio epaileak ordezkatzea Marquevich. Diktadura garaietako justiziari lotuta, zortzi urteren ostean Bergesiok ezer gutxi egin du auzia argitzeko; izan ere, Auzitegi Federalak behartuta agindu du azkenean Marcela eta Feliperi DNA probak egitea. Bergesiorena ez da prozedura garbia izan: batetik, probak ez ziren Durand ospitalean egin, legeak esaten duen bezala; eta bestetik, desagerrarazien familia birekin baino ez zituen datuak alderatu (Gualdero-Garcia eta Miranda-Lanoscou) haiekin odol harremanik ez dutelakoan. Proba eta lagin gehiago lortzeko eskatu zuten Amonek, Marcelaren eta Feliperen DNA beste 22 sendirekin erkatzeko. Beraz, hemendik aurrerako erabakiak funtsezkoak izango dira.

Chicha Marianik, Mayo Plazako Amonak taldearen sortzaileak, betidanik pentsatu du duela 34 urte bahitutako bere biloba Clara Anahi dela benetan Marcela Herrera. 1976ko azaroaren 24an, militarrek Marianiren semearen eta errainaren etxea bonbardatu zuten, La Plata hirian. Hiru hileko Clara Anahi txikia han desagertu zen.

Camilo Cagni desagerrarazien seme eta kazetariak dio, bestalde, Durand ospitalean gordetako laginekin DNA alderatzen dutenean Clarín taldea dardarka hasiko dela: “Iruzur gisa hasi zenak ezin du aurrera jarraitu, Chicha Marianik egia merezi duelako, Ernestina Herrerak gerra trofeo moduan jaso baitzituen umeak”. Bidea baina, ez da erraza izango. Mayo Plazako Amen prentsa zerbitzuko Lucia Garciaren esanetan, ez da ziurra auzitegiko medikuek lortutako laginak zein Auzitegi Federalak indarrez lortutakoak Duranden ikertuko dituztenik. “Zergatik ezkutatzen dute Marcelaren inguruko guztia? Zergatik horrenbesteko asmakeria? Zertarako? Hor atzean gauza larriak daudelako”, dio biloba berreskuratu nahi duen Chicha Marianik. Auziak aurrera jarraitzen du.
Nor da Ernestina Herrera?
Ernestina Herrera de Noblek (1925) Clarín taldea zuzentzen du, holdingari izena ematen dion egunkaria sortu zuen Roberto Noble senarra 1969an hil zenetik. Argentinako hedabideetako talde nagusia da Clarín, hainbat telebista (Canal 13, TN, Volver, Multicanal, Cablevisión), irrati (Radio Mitre, La 100) eta egunkari (La Voz del Interior, Diario de Los Andes) dituena. Nobletarrek ondo baino hobeto kudeatu dute euren indarra, beti botere politikoari atxikita, diktadura militarretan barne. Askoren ustetan, militarrei emandako zerbitzuak zirela medio jaso zituen seme-alabak Herrerak.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude