argia.eus
INPRIMATU
Alberto Barandiaran
“Nik, gutxienez, lau titular ikusten ditut elkarrizketa honetan”
  • Eguneroko batailan zaildua, ez du kazetaritzarenganako gustua galdu, aizue.
Aritz Galarraga 2010ko urtarrilaren 24a
Alberto Barandiaran
Alberto BarandiaranJosu Santesteban

Hara kazetari bat! Kontuz ibili beharko naiz orain, zer esaten dudan…


Uste nuen ni nintzela elkarrizketatua. Erredakzio guztietan erakusten dute akats larria dela pentsatzea elkarrizketagilearen galderak elkarrizketatuaren erantzunak bezain garrantzitsuak direla.

Baina lasai egon naiteke? Ez dituzu publikatuko hemen esandakoak?


Ez, ez zaitezke lasai gera. Kazetari bati ezin zaio ezer off the record esan.

Ados, grabagailua piztuko dut: kazetaria, iluna argitzen saiatzen den hori.


Ez nago ados. Kazetariak, gehienez ere, argi pixka bat eman beharko lioke iritsi den, aztertu duen, ikusi duen errealitatearen parte txiki eta ñimiño horri.

Kontxo…


Baso ilun batean eskuargi txiki batekin joatea bezalakoa da. Anpuloso samarra, guztiz handinahia litzateke uste izatea eguzkia harekin aterako dela.

Prosaikoago jarriko naiz: kazetaria, informazioaren garraiolari.


Ezta ere! Hori prentsa oharrekin copypast egitea da. Ez luke hala behar. Kazetariak informazioa aztertu behar du, eta gero, bere erara eman.

Beti ere objektibo eta independenteki, noski.


Uste dut subjektibotasuna aldarrikatzen dugunean, orduan kazetariek sinesgarritasuna eta prestigioa irabaziko dugula. Independente? Inor ez da independente.

Horregatik gertaera bakarretik hain notizia ezberdinak!


Hain zuzen ere, aurreko galderan erantzun dizudanagatik.

Kazetaritzak badu eskulanetik zerbait, beraz; manipulatzearen kontuagatik, diot.


Kar-kar, gaiztoa zara gero.

Egunkari batean, ehuneko zenbat sinetsi beharko genuke?


Ez genuke ezer sinetsi behar. Irakurri, aztertu, pentsatu, ondorioztatu, eta, gero, hurrengo orrira pasa. Hori litzateke sekuentzia ideala, nik uste. Sinesteko, elizak daude.

Elizak eta egunkarietako iritzi sailak. Fedea behar da horiek irakurtzeko…


Garai batean, sail irakurriena zen. Baina hori ere aldatu da. Orain orriz mugitu dira iritziak, politika sailera.


Elizaren antzera, kazetariak ez du botere makala: zuek erabakitzen duzue zer den notizia!


Horretan arrazoi. Baina uste dut ez dela kazetarien akatsa. Gehiago, komunikabideena.


Aizu, hamar galdera eta oraindik ez didazu titularrik eman!


Ez dakit zer kazetari klase zaren. Nik, gutxienez, lau ikusten ditut.