Jesus Mari Lazkano artistak Berrian esanak, Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuaz: "[Euskal artistek] inoiz ez dugu izan gogo handirik kanpora ateratzeko. Eta, horretaz gain, mugak ere izan ditugu, noski. Ez gara hainbeste eta horrek badu eragina. Abantaila bat ere badugu. Sekulako maisuak izan ditugu: Oteiza eta Txillida, bereziki Txillida. Ziurrenik euskal artistek arreta handiagoa beharko lukete atzerrian, txinatarrek Mendebaldean bezala. Baina gure lana ere bada errekonozimendu hori lortzea. Guggenheimekin, nolanahi ere, asko irabazi dugu. (...) Urdaibain beste zerbait egiteko aukera dago. Amaituriko obrak erakusteaz gain, sortze prozesuan dauden artelanak erakusteko tokia izan behar du Guggenheim berriak. (...) Funtsezkoa da Guggenheim izatea. Ezin dugu geure kabuz egin. Guggenheim markak sekulako erakarmena dauka, guk geure kabuz ekarri ezingo genituzkeen artistak bil ditzake kolpe batez. (...) Prozesu horretan guztian murgildu behar du euskal artegintzak, eta hori eginez gero, ezer ere ez du galtzeko. Kontrara, onurak baino ezin ditzake espero. Guggenheimen kontrako borrokan beharrean, euskal artegintza sare horretan sartzeko lanean inbertitu behar ditugu indarrak".