argia.eus
INPRIMATU
Levon Abelian, Julfa Berriko museoko zuzendaria
"Gure biziraupenaren sekretuetako bat herri txikia izatea izan da"
Karlos Zurutuza @karloszurutuza 2010ko urtarrilaren 17a
1905ean eraiki zen Julfa Berriko museoa, Vank katedralaren alboan. Sasoi guztietako artefaktuez gain, 700 eskuizkribu eta 1.000 liburu zahar gorde dira. Horietako batzuk X. mendean idatzitakoak dira, hizkuntza aberats bezain ezezagunaren adierazle bikainak. Levon Abelianek makina bat orduz hitz egin lezake berak zaintzen dituen altxorrez. Guk berez harribitxia den komunitateri buruz galdetu diogu.

Julfa, zuen arbasoen herria, txikitu ostean, komunitate osoa hartu eta Julfa Berrira ekarri zuen Sha Abbas enperadoreak XVII. mendean. Zergatik?
Batetik, armeniarrok nekazari nahiz artisau bikainak izan ohi gara. Bien gabezia zegoen orduko Iranen, eta Sha Abbasek pentsatu zuen herrialdeko ekonomia bultzatu zezakeela horrela. Bestetik, Iran (Pertsia orduan) zetaren ekoizle handia zen. Armeniarron trebeziaz, otomandarrak zetaren merkatutik at utziko zituelakoan zegoen enperadorea.

Dena ekonomia hutsagatik, beraz?
Funtsean bai. Enperadoreak Pertsia Erdi Arotik atera eta XVII. mendera eraman nahi zuen. Kristauak garenez, armeniarrok zubi-lana egin genezakeen Mendebaldeko potentziekin, batez ere Indiako zetaren negozioan murgiltzen ziren herrialdeekin. Nolanahi, bazegoen ekonomikoa ez zen faktorea: Abbasek safaviden fanatismoa leundu nahi zuen gure bidez.

Zenbat armeniar daude Iranen?
XX. mendean milioi bat armeniar ei zeuden; gaur egun, 200.000 baino ez. Kopurua azkar eta etengabe ari da jaisten. Talde handiena Teheranen dago, 60.000 dira. Esfahangoa komunitate historikoa den arren, 8.000 besterik ez gara.

Zerk bereizten zaituzte Irango gainerako nazioengandik?
Oso herri txikia gara. Azeriak, esaterako, hogei milioi inguru dira Iranen, kurduak zazpi milioi, balutxeak bi… Hein batean, gure biziraupenaren sekretuetako bat herri txikia izatea izan da, Teheranentzat ez baikara inoiz mehatxu izango. Horri esker, gure eliza eta elkarteak izateaz gain, eskolak eta argitalpenak ere baditugu Iranen.

Eta gainontzeko armeniarrengandik?
Amerikan eta Europan bizi diren armeniarren arbasoek Anatoliatik ihes egin zuten XX. mende hasieran, turkiarrek genozidioari ekin ziotenean. Mendebaldeko armenieraz hitz egiten eta antzinako alfabetoz idazten dute; izan ere, Anatolia, ekialdeko eskualde hari, “Mendebaldeko Armenia” deitu ohi diogu. Iranen, ordea, ekialdeko armenieraz mintzo gara, egungo Armenia, Georgia eta Errusian erabiltzen den hizkuntzan. Baina azken herrialde horietan ez bezala, guk antzinako alfabetoa erabiltzen dugu idazterakoan. Ekialdeko hizkera eta Mendebaldeko alfabetoa “nahasten” ditugun armeniar bakarrak gara.

Ez al da Julfa Berria armeniar ghetto hutsa bilakatu?
Musulmanengandik banatuta bizi gara, gure kultura zaintzearren. Gure gizartetik kanpoko harreman oro komertzialak dira, ez besterik. 400 urtez bizi izan gara hemen. Zaila izango den arren, gureari eusten saiatu behar dugu.