argia.eus
INPRIMATU
Lan eta pentsio erreforma Espainian
Lan erreforma
Daniel Udalaitz 2010ko urtarrilaren 17a
Gobernuak esku artean duen lan erreformari buruzko datu gutxi jakinarazi dituzte oraingoz. Patronalari erantzunez, Espainiako gobernuak esan du erreforma ez dela CEOEk (Enpresa Erakundeen Konfederazio Espainiarra) eskatu duelako egingo, eta CEOEk nahi duen bezalako erreforma ez dela izango. Zehazki, gobernu sozialistak behin eta berriro adierazi du lan erreforma langileen eskubideen errespetuan oinarrituta egin behar dela. Eta inolaz ere ez da hartuko kaleratzea merkatzearen bidea, patronalak horixe eskatzen duen arren.

Zantzu guztien arabera, lan erreformak kontratu egonkorragoak bultzatuko dituen araudi berri bat jasoko du. Halaber, ordaindutako lanaldia murriztea da araudian jaso nahi duten gai nagusietakoa, Alemania eredutzat hartuta. Iaz indarrean jarri zuten alemaniar ereduak herrialde horretako 1,5 milioi pertsonari eragiten dio: lanaldi murriztua duten langileek kobratu egiten dute eta lan egiten ez duten orduen portzentaje bat konpentsatzen zaie. Horrez gain, ordu horiek trebakuntzara bideratzen dira. Beraz, Espainiako Gobernuak lanaldi murriztuak eta langabezia saria eredu alemaniarraren modura bateragarri egin nahi ditu.