Galtzeko denborarik ez

Dani Blanco
Horra Olentzerok opari utzi didan liburua: Sin tiempo que perder. Miguel Sanchez-Ostizen dietario errumaniar-txiletar-eskoziarra, Alberdaniak plazaratua, nire herrikidearen azken idazlan gehienak bezala. Eskerrak bihurtu dizkiet etxekoei. Asmatu dute gustukoa dudan idazlearekin. Haien ziri amultsuaz ez ohartzeko bezain kamutsa ez naiz, dena dela.

Sanchez Ostiz bezainbat bidaiatu gabe ere, nik ere denbora galtzeari izua hartu diot aspaldi honetan. Egunei eta gauei etekina ateratzeko grinak joa nabil. Asteburuetan, lanegunetako egutegi berdintsua erabiltzen dut, doi-doi luzaturik lo egiteko orenak. Gero eta bakanagoak ditut etxeko salako eserialdiak. Planak mahai gainean metatzen zaizkit. Solasaldietan, aise ateratzen dira nire ahotik “goazen!” eta “dezagun!” bezalako adizkiak. Oraintxe bertarako nahi ditut zinez interesatzen zaizkidan gauzak, ez biharko eta are gutiago etziko.

Horrek guztiak, bistan dena, bere prezioa du. Azaldu beharrik ez da nire ingurukoendako zenbateraino den durduzagarri nire presa hori, zenbateraino nekagarri nire beti zerbaitetan ari behar hori. Alabak txantxa izpirik ez zuen ageri berrikitan jaulki didanean: “Aita, eritasun txar bat diagnostikatu badizute, erran behingoz, hilabeteko bizitza geldituko balitzaizu bezala ari baitzara”.
Alabak badaki, alabaina, ez naizela eri, urteez ez bada. Batzuei pausatzeko gogoa ekartzen diete urteek. Nik hiperaktibitatea zor diet.

Hona inork gutik dakien sekretua: mende erdia beteko dut heldu den otsailean. Bortz hamarraldi. Berrogeita hamar urte. Egitate itzulezin horren aitzinean bat heldu dira Psikologia eskola gehienak: adin arriskutsua da gizasemeondako. Edo gisame guztiendako ez bada, bai anitzendako, bederen. 40etako krisialdi beldurgarria erabat gainditu gabe dugula, 50etakoan erroizten gara gutiz gehienak. Gaitzaren sendabide, aholkatzen digute urteen etorriari amore emateko eta duintasunez zahartzen ikasteko. “Patetikotasunetik urruntze aldera, baizik ez bada ere”, gehitzen dute gaiztoki. Kontseilu zuhurra, inondik ere, baina adin batzuetan ez gaude kontseilu zuhurrak aditzeko. Hartara matxinatzen gara, eta denborari gerla deklaratzen. Estatistika kontra dugu. Gatazka horretan gizonen %100 galtzaile gertatzen dela badakigu, baina hori nori inporta zaio? Hemen sortu garenok abantaila dugu alde horretatik. Euskaldunok sekulako eskarmentua dugu gerlak galtzen.

Uler bitez ongi gauzak. Gauza batzuetan etsi dut. Konparaziorako, honezkero badakit ez dudala behin ere Naomi Campbellekin asteburu berorik izanen, Karibeko uharte batean. Orobat jakin nire ingelesaren txukunak ez duela inoiz inongo entzulerik liluratuko, edo nire –tamalez, ez bertze inoren– zutabe bateko salaketek ez dutela sekula UPNren gobernu betierekoa eraitsiko. Xede egingarriagoak finkatu beharko.

Luzea da oraindik egin ez ditudan (bertze) gauzen zerrenda. Anitz dira inoiz ezagutu gabeko hiri eta lurraldeak. Zer esanik ez oraino igo gabeko mendiak, irakurri gabeko liburuak edo, beharbada, idazteko ditudanak. Horretarako guztirako, denbora baizik ez dut behar. Ziriak ziri, maite nautenen damuz, galdu nahi ez dudan denbora.

Nik, 2010 hasi berri honetarako, horixe nahi nuke bai niretako bai, eskatzen hasita, munduko bazter honetan zerbaitetan ari diren bertzeendako ere. Denbora, ez galtzeko.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude