“Euskara”-ren lekuan “abertzale” irakurtzen du UPNk

Euskalerria irratiak egoera larriari egin beharko dio aurre ostera ere. 30.000 euroko isuna jarri dio Espainiako Industria Ministerioak lizentziarik gabe emititzeagatik, irrati-instalazioak baimenik gabe jartzeagatik eta interferentziak sortzeagatik. 30.000 euro asko da estu dabilenarentzat, baina larriena irratiaren aurka bere sorreratik dagoen jarrera da. Eta orain gainera, isunaz gain mehatxu berri bat, lizentziarik ez duten irratiak legez itxi nahi ditu Espainiako Gobernuak.

Euskalerria Irratiak baditu isunaren salaketak atzera botatzeko eta egiazkoak ez direla frogatzeko argudio sendorik, eta hala egingo du isun aginduaren aurkako helegitean. Lehenago ere garaile atera izan da epaitegietan, nabarrismo eskuindarraren maltzurkeria agerian utziz. Ez da nahikoa izan ordea, 20 urte eta gero lizentziarik gabe jarraitzen du oraindik.

1988an sortu zenetik lizentzia lortzeko hiru saio izan ditu Euskalerria irratiak eta hiruetan kale egin du. 1990ko lehiaketan, adibidez, lizentzietako bat inoiz entzun ez den Radio Blancari eman zitzaion.

Joan den apirilean, Nafarroako Legebiltzarrak –UPNk ezik– erabaki zuen euskarazko irrati batek litzentzia eduki behar zuela. Eta martxoan, aldiz, beste bi irratiri –Radio Universidad de Navarra eta Medios de Comunicacion 21– egun duten lizentzia kentzea eskatu zuen, lizentziaren eskakizunak betetzen ez zituztelako.

1998an izan zen azken lizentzia banaketa eta ziren hiru proiektuetatik, Euskalerria irratia eta bost lerro aurrerago aipatutako biak ziren lehian. Euskarazkoak zuen puntuaziorik onena, baina iritsi zen UPN, irizpideak aldatu eta Euskalerria Irratia atzean geratu zen. Gero epaileek esan zuten ez zela justua izan eta atzera bota zituzten egindako amarruak. Irratiak beste behin ere arrazoi zuen, baina oraindik lizentziarik gabe jarraitzen du. Euskarazko hedabideetan asko idatzi da lizentzia hauei buruzko aferez, baina azkar batean muinera jo nahi duenak, jo dezala Kike Diez de Ultzurrun irratiko kazetari ohiak Argiaren 2024. zenbakian idatzitako artikulura. Han ditu klabeak.

Iruñerriko euskaldunen hizkuntz eskubideen aurkako historia luzea da Euskalerria Irratiaren lizentzia ukazioarena. Amarruz eta amorruz egindako eskubide urraketaren historia. Batetik, UPNk onartua du euskara ez dela gaur egungo bizitzarako hizkuntza, horretarako badela gaztelania, ez duela merezi historiaren aurka egitea eta historiak dagoeneko erabaki duela euskara Nafarroan museo hizkuntza izatea. Bestetik, “euskara” jartzen duen tokian “abertzale” itzultzen du eta horrek izua ematen dio.

LEHERKARIEKIN atzera eta aurrera ibiltzea ez da ETAren jarduera armatuari buruzko berririk itxaropentsuena. Bestetik, pentsatzekoa da ENAMen egiten ari den barne eztabaida horretan borroka armatuaren desegokitasunera iristen badira, ETAk ere beharko duela bere denbora hori bereganatzeko. Edo eztabaidak jarraitzen duen bitartean, erande armatuak berdin jarraitzen duela hornitze eta mantenu lanetan. Pentsa liteke, halaber, egungo egoeran oraindik maila bateko atentatuak egon daitezkeela, 2006ko su-etenaren aurretik ere hiru urtez ez zuen hildakorik eragin. Eta txarrenean jarrita, pentsa liteke batzuek jarraitzea erabaki dutela.

Ez dakigu zer eszenatokitan gauden eta sortzen ari den nahasmenean ENAMi dagokio argibideak ematea. Bistan da batzuek ez dutela bide hori lagunduko, areago oztopatzeko ahaleginak egingo dituztela. Prozesu hori pentsatu bezala ateratzeko interes gehien duenak argitu behar du egoera, ahal duen neurrian behinik-behin.

Sartu gara 2010ean eta hau urte garrantzitsua da 2011ko udal eta foru hauteskundeak prestatzeko. Polo soberanista hor dago, iragan egunak bezain hotz; eta abertzaleen arteko mesfidantzak ere bai, ohi moduan, hauek beroago. Izan dira eta badira elkarlana jorratzeko ariketak, horra presoen aldeko urtarril hasierako manifestazio handia, eta horra hilaren 30erako antolatu den eskubide politikoen aldeko Bilboko ekitaldia.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude