argia.eus
INPRIMATU
Etxerat
Joxemari Ostolaza 2010ko urtarrilaren 13a
Joxemari Ostolaza
Joxemari Ostolaza
Esaten ikasi genuen Bidasoa zubi gabeko aldetik gurutzatu ondorengoenetan, gure “etxera”ri mingainaz aho-sabaia joz. Senideak eta Ahaideak ere batera erabiltzen hasi ginen. Nago eta naiz ere. Aurrerakuntzak. Aitzinamenduak. Aurtengo lehen larunbatean autobusez egin genuen San Mameseko ondoko plazara. Bi belaunaldi batera, ez nahasian, ekin genion bi kilometroko manifari, Etxerat-ekoei debekatu eta auzolanean lehen auzoek orru egindakoari. Zapi zuridunak ikusi genituen aitzinetik pasatzen, gutxitan adierazteko aukeran pozak harturik desfilatzen. Lagun zenbait tarteko, ezagun batzuk eta gainerakoetan oro kide. Aritmetikan dorpe, mundua iruditu zitzaidan ikusten nuen jendetza, biharamunean berrogei milatik gora osatzen ei genuena. Itzulian, autobusean noski, inor ez zegoen lo kuluxkarako, arrakastak dakarkigun euforia bizigarri. Elkarri agurtzeak ere nekea sortzen duen egoeran etxeratu ginen, batera zerbait bagarela jakitun eta berriro ere bateriak lepo eginda. Auzolanak berdinduko gaitu menu adostuan eta lanak zintzoki partekatzean inork inor baztertu eta iraindu gabe. Euskal presoak etxera Etxerat-ekin batera. Horra menua.