Aiatolen lurraldeko “gurutzatuak”

  • Etsita daude Esfahan hiriko armeniarrak. Aldaketa noiz iritsiko, hautagai erreformazaleari eman zioten bozka 2009an. Baina aldaketarik ez dator, eta gutxitzen doa, azkar eta etengabe, Iranen 400 urte bizirik iraun duen komunitatea.
Vankeko katedrala Irango armeniarren identitatearen bihotza da.
Itxura batez, ez dago Julfa Berria auzoa Esfahango kale arruntetatik bereizten duen ezaugarririk. Zerurantz begiratzerakoan, alabaina, minareteek ez, gurutzeek apainduriko kupulak ikus daitezke. Armeniarrak iritsi zirenetik egon dira zutik, komunitate bitxiari babesa ematen luzez, eta itzala besterik ez azken urteotan.

“Armeniarrok musulmanak bezala bizi gara Iranen. Igandetan lan egin behar dugu, Lege Islamikoen menpe gaude”, dio Esfahango unibertsitateko ikasle honek. Debekuak debeku, Eguberriak eta Aste Santua “behar bezala ospatzen” uzten die Gobernuak. Antza, nolabaiteko tolerantzia erakusten du, oraindik ere, Irango autoritate nagusiak.

Julfa Berriko kaleek dozena bat eliza ezkutatzen dituzte, bai eta armeniar erizain eskola, eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako armeniar ikastetxeak. Aldi berean, armeniar genozidioaren urteurrena oroitzeko afixak ohikoak dira jatetxe eta dendetan. Emakumeek derrigorrezkoa dute beloa, jakina, baina askoz ere kolore biziagoez estaltzen dute ilea.

Zalantzarik gabe, armeniar identitatearen bihotza Esfahanen, eta Iran osoan, Vankeko katedrala da. XVII. mendean eraiki zuten iparraldetik etorritako armeniarrek. Irandarrek diote Otomandar Inperiotik ihesi iritsi zirela; armeniarrek, aldiz, esaten dute euren jatorriko herria (Julfa) suntsitu eta indarrez ekarri zituztela pertsiarrek. Edonola, denak bat datoz gauza batean: hona iritsitako armeniarrak (150.000 inguru) zetazko oihalen artisautzan eta arkitekturan bikainak ziren.

“Gure arbasoen herria, Julfa, Najitxevanen dago gaur egun, Azerbaijanen menpe. Ehunka, ia mila urte zituzten hilobiak eta elizatxoak suntsitu dituzte, ez omen da ezer gelditzen”, kexu da Tigran pentsioduna. Armeniarren eta azerien arteko gatazka amaigabeak berebiziko hondamendia sorrarazi du bi aldeetan. Tigranen herrikideek garbiketa etnikoari ekin zioten Kaukasoko Nagorno Karabajen 90eko hamarkadan (ikus Argian, 2097. zenbakian). Antza, azeriek eredu bera jarraitu dute Najitxevango eskualdean.

Tamalez, Julfa Berriaren “urrezko” urteak ere joanak dira. Iraultza Islamiarra 1979an nagusitu ondoren, Esfahango armeniar diaspora nabarmen hasi zen jaisten. Armeniar askok AEBetara, Kanadara eta Europara jo dute jada. Julfa Berrian gelditzea erabaki dutenak Armeniari begira bizi dira. Roland dugu horietako bat: “Etsita nago Gobernu honekin eta gutxitan jarraitzen dut Irango aktualitatea. Nahiago ditut Armeniako satelite bidezko albistegiak aiatolen propaganda baino”, kexu da frantses irakasle hau. Etxean Yerevandik ekarritako koinaka duela dio, begi-keinu batez. Horixe bere desafioa hainbeste gorroto dituen aiatolei.
Levon Abelian, Julfa Berriko museoko zuzendaria
"Gure biziraupenaren sekretuetako bat herri txikia izatea izan da"
1905ean eraiki zen Julfa Berriko museoa, Vank katedralaren alboan. Sasoi guztietako artefaktuez gain, 700 eskuizkribu eta 1.000 liburu zahar gorde dira. Horietako batzuk X. mendean idatzitakoak dira, hizkuntza aberats bezain ezezagunaren adierazle bikainak. Levon Abelianek makina bat orduz hitz egin lezake berak zaintzen dituen altxorrez. Guk berez harribitxia den komunitateri buruz galdetu diogu.

Julfa, zuen arbasoen herria, txikitu ostean, komunitate osoa hartu eta Julfa Berrira ekarri zuen Sha Abbas enperadoreak XVII. mendean. Zergatik?
Batetik, armeniarrok nekazari nahiz artisau bikainak izan ohi gara. Bien gabezia zegoen orduko Iranen, eta Sha Abbasek pentsatu zuen herrialdeko ekonomia bultzatu zezakeela horrela. Bestetik, Iran (Pertsia orduan) zetaren ekoizle handia zen. Armeniarron trebeziaz, otomandarrak zetaren merkatutik at utziko zituelakoan zegoen enperadorea.

Dena ekonomia hutsagatik, beraz?
Funtsean bai. Enperadoreak Pertsia Erdi Arotik atera eta XVII. mendera eraman nahi zuen. Kristauak garenez, armeniarrok zubi-lana egin genezakeen Mendebaldeko potentziekin, batez ere Indiako zetaren negozioan murgiltzen ziren herrialdeekin. Nolanahi, bazegoen ekonomikoa ez zen faktorea: Abbasek safaviden fanatismoa leundu nahi zuen gure bidez.

Zenbat armeniar daude Iranen?
XX. mendean milioi bat armeniar ei zeuden; gaur egun, 200.000 baino ez. Kopurua azkar eta etengabe ari da jaisten. Talde handiena Teheranen dago, 60.000 dira. Esfahangoa komunitate historikoa den arren, 8.000 besterik ez gara.

Zerk bereizten zaituzte Irango gainerako nazioengandik?
Oso herri txikia gara. Azeriak, esaterako, hogei milioi inguru dira Iranen, kurduak zazpi milioi, balutxeak bi… Hein batean, gure biziraupenaren sekretuetako bat herri txikia izatea izan da, Teheranentzat ez baikara inoiz mehatxu izango. Horri esker, gure eliza eta elkarteak izateaz gain, eskolak eta argitalpenak ere baditugu Iranen.

Eta gainontzeko armeniarrengandik?
Amerikan eta Europan bizi diren armeniarren arbasoek Anatoliatik ihes egin zuten XX. mende hasieran, turkiarrek genozidioari ekin ziotenean. Mendebaldeko armenieraz hitz egiten eta antzinako alfabetoz idazten dute; izan ere, Anatolia, ekialdeko eskualde hari, “Mendebaldeko Armenia” deitu ohi diogu. Iranen, ordea, ekialdeko armenieraz mintzo gara, egungo Armenia, Georgia eta Errusian erabiltzen den hizkuntzan. Baina azken herrialde horietan ez bezala, guk antzinako alfabetoa erabiltzen dugu idazterakoan. Ekialdeko hizkera eta Mendebaldeko alfabetoa “nahasten” ditugun armeniar bakarrak gara.

Ez al da Julfa Berria armeniar ghetto hutsa bilakatu?
Musulmanengandik banatuta bizi gara, gure kultura zaintzearren. Gure gizartetik kanpoko harreman oro komertzialak dira, ez besterik. 400 urtez bizi izan gara hemen. Zaila izango den arren, gureari eusten saiatu behar dugu.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude