Unibertsoko objektuen adina kalkulatu ahal izateko zientzialariek datazio erradiometrikoa erabiltzen dute. Zientzialariek objektuan dagoen isotopo baten hasierako kantitatea eta haren desintegrazio-abiadura ezagutzen dituzte, eta horien arabera objektuaren adina kalkula dezakete.
Eguzki-sistemaren adina kalkulatzeko, meteoritoetan dauden berun-206 eta berun-207 isotopoen arteko proportzioa neurtu izan dute, baina Science aldizkarian berriki argitara emandako artikulu batean adierazi da orain arte egindako neurketetan hutsune bat izan daitekeela. Berun-206 eta berun-207 isotopoak uranio-238 eta uranio-235ren alabak dira, hurrenez hurren, eta orain arte segurutzat jo da uranioaren bi isotopo horien arteko proportzioa beti berdina zela meteoritoetan. Baina ez da horrela, berriki egindako zenbait neurketak erakutsi dutenez. Hala, baliteke eguzki-sistema uste zena baino zertxobait gazteagoa izatea.