Jakoba Errekondo
Angula sasoia puri-purian dago. Aurtengoan urtarrilaren 31ra arte. Lehorreko angulatokiak bezala txalupak ere prest daude. Alunean lotuta dago txalupa hau, basa harrotzeraino errioaren erraiak orraztuko dituen bahe parea heltzeko tramankulua du brankan. Gainean anguletarako tresnak txukun-txukun. Tartean bahe parea eta badaezpadako hirugarren bat eta bahe-kirtena. Gaur egun metalezkoak dira errio bazterrean ikusten diren kirten gehienak. Argazkikook egurrezkoak dira, haltza (Alnus glutinosa), maiatzeko ilberrian botatako haltza. Ilberrian, bahe-kirtena malgua izatea komeni baita, ur-karga handia denean edo kateatuz gero hautsi gabe ahal den gehien okertzerainoko malgua.