argia.eus
INPRIMATU
Zimurrei irri
2010ko urtarrilaren 05
Goji (Lycium barbarum) landarearen fruituak.
Goji (Lycium barbarum) landarearen fruituak.
Lathyrus sativus eta Lathyrus cicera, aixkolen aihentxo kiribiletan kateatuta ibili gara duela aste pare bat edo... Eta urtetan inolako konturik sortuko ez duten landaretxo hauek hara non azaltzen zaizkidan, berriro, antiojoen aurrera. Koipeetara emaniko Espainiako “Instituto de la Grasa” eta Sevillako unibertsitate bateko ikerlariek elkarlanean oraintsu burutu duten lan batean zera frogatu omen dute: aixkolak lurpean heltzen dituen haziek berebiziko eragin antioxidatzailea dutela. Hau da, gure gorputzaren etengabeko zahartzea leundu eta mantsotu egiten dute. Konparazio batera, antzeko eragina izateagatik ezagunak diren eskuzuria (Lupinus albus), txitxirio edo barbantzua (Cicer arietinum) edo soja (Glycine max) berak baino bi aldiz eraginkorragoak dira aixkolak. Hau irakurrita, baldinbaitere ez al zara lirin zimurrak teinkatu eta leuntzeko aixkolak lapikokadaka irensten hasiko. Kontuz, tamainan jan beharrekoa da. Dietaren oinarri izanez gero latirismoa edo neurolatirismoa sor dezake, hau da, bizkarrezurra kaltetzen duen paraplejia. Espainian badute aixkola gehitxo jatearen ondorio latzen berri, lehengo mendeko gerrate nagusiaren ondorengo gosetean tripa-zorriak berdintze aldera gari-irin urria ugaritzeko aixkol ilartxoen irina nahasten baitzitzaion. Gaur egun, batik bat, Indian pairatzen dute.

Zahartzea atzeratzen omen duten antioxidatzaileen artean, Goji (Lycium barbarum) landarearen koxkorren pasak dabiltza mingainez mihi. Diamante gorria deitzen zaio Himalaia aldeko gojipasa honi eta milaka urtetan ikertu eta erabili izan dute inguru haietan. Agidanean, izugarrizko mesedea dakarkio gorputzari eta moda-modan dago. Gosariero hartzen dut neuk eta hizkuntzetan doktore izanagatik kirolari amorratua den lagun frantses bati emana diot, ea nondik edo handik inolako mesederik igartzen ote duen garuna ez bestearen pasaden ondorengo gorputzaldietan. Irriz hartu zuen, gojiaren albo-ondorio bakarraren ezjakin: eutsi ezin den etengabeko irribarrea.