Ilusioa berriz lurperatu zenekoa

  • Turkiar eta kurduen artean inoiz ikusi gabeko urratsak eman ziren bakea lortzeko 2009an. Baina abenduan herio-kolpea jasan ondoren, prozesuak hila dirudi sartu berri den 2010ean.
Kurdistan PKK
PKK-ko gerlariak Irak eta Turkiaren arteko muga zeharkatu ondoren.KCK
“Bakea lortzeko inoizko aukerarik onena galdu dugu”, entzun da kurdu askoren ahotatik azken asteotan. Nagusiki, bi gertakizunek eten dute negoziazioaren lehenengo urratsak: batetik, PKK-k (Kurdistango Langileen Alderdia), aldebakarreko su-etena hautsi (berak soilik errespetatutakoa) eta zazpi turkiar soldadu akabatu zituen abendu hasieran; egun gutxira, Turkiako Auzitegi Gorenak DTP (Gizarte Demokratikoaren Alderdia) koalizio kurdua ilegalizatzea erabaki zuen, Espainiako alderdi-legeari jarraituz (Ankara dixit). Bosgarren aldiz indargabetzen zen alderdi kurdu bat Turkiako parlamentarismoaren 80 urteko historian. Aurreko aldietan zoritxarreko erabakia bazen, oraingo honetan askoz ere kolpe handiagoa zekarren ebazpen judizialak, Ankara eta bere menpeko kurduen arteko akordioa ez baitzen inoiz hain gertu egon.

Kurduen auzia lehenbiziko aldiz izan da eztabaidagai joan zaigun 2009an. Istiluak istilu, kurduek baikor begiratzen zioten etorkizunari. Detailetxo bat: DTP alderdiaren bulego bat irekitzear zegoen…Washingtonen! Eta honek zera esan nahi zuen, “lagun amerikarra” atzetik ari zela prozesuaren nondik norakoak ikuskatzen, eta uste baino gehiago bultzatzen. Sobiet Batasuneko mugan, Turkia aliatu garrantzitsua zen Gerra Hotzaren garaian; egun, ordea, Ekialde Hurbila baretzeko “giltza” dugu Anatoliar herrialdea. Ez dezagun ahaztu mendebaldean Grezia eta Bulgariarekin muga izan ez ezik, Siria, Irak, Iran, Georgia eta Armeniarekin topo egiten duela turkiar inperioak ekialdean. Eta ez dezagun ahaztu kurduak mugako eremu hartan bizi direla edo, hobeto esanda, marra kolonial horiek Kurdistan lau zatitan banatzen dutela egun. Funtsean, Turkia ez ezik, Ekialde Hurbila ere baketzen lagun zezakeen prozesua hil berri da.

Udaberri gorria

Porrot honen klabeak ulertzeko denboran atzerantz jo beharra dugu, baina ez gehiegi. 2009ko martxoan, udal hauteskundeak izan ziren Turkian. Gobernuaren aldetik makina bat trikimailu salatu arren –hauteskundeen aurretik eta, batez ere, egun berean–, DTP alderdi kurdua nagusi atera zen Ipar Kurdistanen, ia 2,5 milioi bozen indarraz. Turkiako lehen ministro Erdoganek “auzi kurdua konpontzea” hitz eman zuen 2005eko hauteskundeetan. Diskurtso hark berebiziko eragina izan zuen eta AKP Gobernuko alderdiari sekulako babesa eman zioten kurduek orduan. Baina lau urte nahikoa denbora izan zuten kurduek aurrerapenik ez zela gauzatu jabetzeko. Kurduen erantzuna martxoko hauteskundeetako DTPren gorakada itzela izan zen; ordaina, apirileko ehunka atxiloketa, hain zen handia Erdoganen haserrea.

“Öcalanek plan bat dauka”

Bakea lortzeko bigarren aukera Imraliko irla-espetxean jaio zen. Bertan preso dagoen PKK-ko agintari Abdullah Öcalanek bake-proposamen bat zuela iragarri zuen bere abokatuen bidez. Haren hitzetan, posible zen turkiar eta kurduen arteko bakea lortzea, “Turkiako Estatuaren mugak hautsi gabe”. Horretarako pausoak argi jasota ei zeuden kartzelan idatzitako 160 orriko dokumentuan. Gerrillako buruzagiak zioen ekainean helarazi ziola Ankarako Gobernuari Yol Haritasi (bide orria turkieraz) izeneko txostena. Baina asteak igaro arren, Erdoganek ez zuen jakitera ematen Öcalanen proposamena. Irailean argitaratu zituzten presoaren abokatuek Yol Haritasi-ren oinarrizko zutabeak, funtsean, hizkuntz eta kultur eskubideak, Konstituzioaren berridazketa, Turkiaren demokratizazioa eta udal mailako autonomia. Kurduentzat ez ezik, turkiarrentzako egitasmoa ere bazelakoan zegoen Öcalan.

Ankararen erantzuna

Azaroan, Ankarak bere proposamen propioarekin erantzun zuen. “Askatasuna denontzat”, zioen Gobernuak Turkiako Parlamentuan aurkeztutako proposamenak. “Ekimen kurdua” izenaz ezagunak, toponimo kurduak berreskuratzea zuen helburu, bai eta herri honen hizkuntz eta kultur eskubideak ere. Tortura salaketak gertutik aztertzearen aldekoa zen ekimen kurdua. Azalean behintzat, Öcalan eta Erdoganen proposamen biak bat zetozen hainbat puntutan; hots, kurduen kultur eskubideak bermatzean.

Turkiako oposizio laiko eta ultranazionalista kexu zen, Gobernuaren proposamenak Turkiar Estatua hautsiko zuelakoan. Kurduek, ordea, “hitz on bezain faltsu”tzat jo zituzten Ankararenak. DTPko buruzagiek makina bat aldiz errepikatu zuten: “Gobernuaren hitz onak egia bilakatuz gero, PKK-k borroka armatuari hiru hilabeteren buruan utziko dio”. Nolanahi, gehiegi itxarotekotan, turkiar eta kurduen arteko gerra bere gordintasunean berriz nozituko zela abisatzen zuen Öcalanek Imraliko presondegitik.

Gobernuaren keinuetako bat Öcalanen hamar urteko isolamendua haustea izan zen. Aldi berean, espetxe-baldintzak hobetu zituen Erdoganen administrazioak.

Baina deigarria zen oso ejertzitoaren erantzun isila. “Errepublikaren zaindariak” mutu… Ezta komunikatu xume bat ere euren web orrian. Egia da Qandilen (PKKk kontrolatutako mendi eremuan) bonbardaketek jarraitzen zutela, “terrorismoaren kontra”ko betiko borrokan zihardutela militarrek. Baina Gobernuaren planaren gainean adierazpenik ez izateak alarma batzuk piztu zituen. PKKrekin hitz egiten ari ote zen jada?

Askorentzat, urriaren 19an gertatutakoa horren froga garbia izan zen. Errefuxiatu eta gerlarien arteko talde misto batek Hego eta Ipar Kurdistanen arteko muga zeharkatu zuen egun hartan. Turkia eta Irak arteko lurreko pasabide bakarra ejertzitoak nahiz poliziak zorrotz kontrolatutakoa bada ere, denak aske gelditu ziren. Eta hori Silopin (Turkiako mugako herrian) bertaratu ziren milaka lagunen harrera jaso eta gero. Benetan sinesgaitza ejertzitoaren jarrera, bai horixe!

Eta orain zer?


Joan zen abenduan DTP alderdia ilegalizatzearekin bat, BDP (Bakea eta Demokraziaren Alderdia) koalizio berria atera zen plazara. Erdoganek behin eta berriz azaldu du kurduen aldeko hobekuntzak bultzatzen jarraituko zuela eta, nahi izanez gero, BDPa balizko solaskidea izan zitekeen. Baina abenduaren 24an azkeneko atekada eman zion Ankarak negoziazioari: DTP “zaharreko” eta BDP berriko 81 lagun atxilotu zituen poliziak, bederatzi alkate barne: bake prozesuan solaskidearen ahotsa amatatu ez ezik, geroan izan zitekeenarena ere isildu du Ankarak.

Ankarak “terrorismoaren kontrako” diskurtsoari eusten dio, burugogor. Bitartean, BDP alderdiak amaitutzat jo du “ekimen kurdua” eta krisi eta kaos egoera “biziki okertuko dela” salatu du; areago, “Turkian ez ezik, Ekialde Hurbil osoan nozituko da ezegonkortasuna”.

“Auzi kurdua konpondu, baina kurduekin kontatu gabe”, horixe dirudi Ankararen “bakerako” leloak. Mendietan, ordea, PKK-k urteko balantzea atera du jada: 800 gerlari berri 2009an. Urte zaila izango da 2010a Anatoliako kurduentzat.
Ejertzitoa, “Errepublika laikoaren zaindaria”
PKK-k apirilean aldebakarreko su-etena aldarrikatu arren, turkiar ejertzitoak gerlarien kontrako bonbardaketei eutsi die 2009 osoan zehar. Edonola, operazio militarrak ez dira, inondik ere, instituzio militarraren esku-hartze bakarrak Turkian.

AEBetakoaren atzetik, NATOko boteretsuena da Turkiako ejertzitoa, 500.000 soldadurekin. Baina indar militar erraldoia ez ezik, Estatuaren osagai nagusienetakoa ere bada turkiar ejertzitoa. Instituzio militarra “laizismoaren zaindaria” da legez; ez da harritzekoa, beraz, Gobernuan dagoen AKP alderdi islamistarekin sortutako desadostasunak. Turkiar Errepublika 1923an sortu zen eta hamaika presidenteetatik, sei militar ohiak izan dira. Aldi berean, 80 urteko epean bost estatu-kolpe mota jasan ditu Turkiak. Egun indarrean duen konstituzioa, 1980ko estatu-kolpea eta gero idatzi zuten militarrek. Euren azken parte-hartze politikoa 2007an izan zen, Estatu Nagusiak AKPri presidentetzarako bere hautagaia ez hartzeko “abisatu” zionean. Urte berean, Istanbulgo Nokta egunkariak almirante baten dokumentu batzuk argitaratu zituen. Horietan, huts egindako militarren bi estatu-kolperen saiakera jasotzen ziren, 2003an eta 2004an, hain zuzen.

2007an ere Ergenekon sarea estalgabetu zuen Gobernuak, “gerra zikinean” urtetan murgildutako militar, politikari, epaile eta kriminalen arteko sarea. Milaka disidente eta herritar xume (kurduak gehienak) erail ditu Ergenekonek. Egia da Erdoganen Gobernuak sare horretako hainbat kide atxilotu zituela, baina asko kargurik gabe askatu dituzte berriki. Askoren ustetan, horixe izan da militarren “diskrezioa”ren ordaina kurduen auzia eztabaidagai izan den bitartean.

ASTEKARIA
2010ko urtarrilaren 10a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
2024-04-28 | Axier Lopez
Droneen gerra
Ehizaren fantasia desegiten denean

Las Vegas hiri ezagunetik ordubetera Creech-eko aire-base militarra dago basamortuaren erdian. 1950eko hamarkadan, Gerra Hotzean, ia mila leherketa nuklear "esperimentalen" lekua izateagatik ospetsu egin zen. Creechen koordinatu dituzte azken 20 urteotan AEBek mundu... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Turkiaren droneak, Kurdistanetik Tigray, Sahara eta Ukrainaraino

Droneen ekoizpena gorantza doan industria da, eta Turkia gerrarako droneen fabrikatzaile eta esportatzaile handienetakoa bihurtu da. Haien produktu izarra Bayraktar TB2 da. Modu autonomoan aireratu, lurreratu eta nabigatu dezakeen drone bat, baina giza operadore baten mende... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Droneen aita sionista

1950eko hamarkadan, AEBetako armada droneak erabiltzen hasi zen gatazka guneetan zaintza eta errekonozimendu misioetarako. 1994ko uztailaren 3an izan zen Predator dronearen lehen hegaldia, armatuta egon gabe. 1995eko uztailean, Predatorrek Balkanen gainetik egin zuen hegan... [+]


Eguneraketa berriak daude