Mikel ZurbanoDani Blanco
Oso apal bada ere, krisiari aurre egiteko neurrien multzoan begiratu dute, eta sakonera handiko neurriren bat ere aipatzen –eta eztabaidatzen– hasiak dira. Gordon Brown britainiar mandatariak G-20 taldeko Pittsburghgo gailurrean aurkeztutako proposamen batek bazterrak astindu ditu: finantza elkartrukeen gaineko zerga edo tasa ezartzea. Zailtasun teknikoez harago proposamenaren bideragarritasuna ez da erraza izango, batez ere AEBek erakutsi duten aurkako jarrera dela eta. Nolanahi ere, gai honen inguruko eztabaidak bulkada indartsua paratu du gailur horren bueltan.
Proposamen honen interesa hain da bizia ezen ATTAC erakundearen sorrera eragin zuen. Izan ere, erakunde honek aldarrikatzen duen Tobin tasa eta aipatutako proposamena oso hurbilekoak dira. Tobin Nobeldun ekonomialariak 1972an plazaratu zuen ideia hau izan zen: moneta trukatzen zen bakoitzeko tasa bat ezartzea, moneta espekulazioak sortutako eragin kaltegarriak saiheste aldera. Zerga honek oso eragin txikia izango luke nazioarteko merkataritza edo epe luzeko inbertsioa egiten duenarentzat, baina oztopo izan liteke txanponen arteko epe laburreko salerosketak egiten duen espekulatzailearentzat.
Aurrera egin ez zuen ideia honetan oinarritu da Brownen proposamena. Baina azken hau Tobin tasa baina harago doa, tasa finantza elkartruke guztiei ezartzea proposatzen baitu Brownek eta ez soilik atzerriko dibisen erabilera eragiten dutenei. Epe luzeko inbertsioak ez lituzke bereziki kaltetuko tasa honek eta, aldiz, finantza merkatuetako epe laburreko salerosketa espekulatzaile ugariren galga litzateke. Eta finantzaren gehiegizko jarduera ez da inolaz ere produktiboa, azken urtetako esperientziak argi asko erakusten duen gisa. Tasaren onura gehigarria diru iturri garrantzitsua izatea da, hots, sarrerak handitzea ahalbidetuko luke eta defizit publikoak murriztu edota garapen bideko herrialdeen laguntza lerroak handitu litzake.
Horrelako tasa bat indarrean jartzeak izan ditzakeen arazo teknikoez harago, neurri honek finantza –eta ekonomiaren– egoera kritikoak saihesteko izan ditzakeen ahalmenean kokatzen da eztabaida. Aurkakoek diote oraingo krisiaren kontestuan tasa hau ez zela berez nahikoa izango mailegu pozoidunen sorrera eta inbertsiogileen erosketa toxikoa ekiditeko. Honen aurrean Krugmanek ohartarazten du inbertsio txar hauen kalapita sistemak epe laburreko diruarekiko duen dependentzia izan zela. Eta hori oztopatzeko elkartrukeen gaineko tasa eraginkorra litzateke. Noski, hau ez da nahikoa puztutako finantza ekonomia argaltzeko, baina bai norabide onean emandako urratsa. Nolanahi ere, Tobin tasaren sugarra piztuta mantendu duen mugimendu alterglobalista ahuleziak jota dagoen unean Wall Streeten ezezkoa gainditzea ez dirudi lan erraza.